Galbaixoko bidea hiru hileko epean konponduko dutela dio aldundiak
Mutriku-Deba errepideko (GI-638) lanak hasi aurretik, Galbaixoko bidea (GI-3230) konpondu eta egokitu egingo zuela esan zuen aldundiak. Eta lanak joan den astean hasi ziren. Zehatz esateko Astigarribia auzoan ari dira egokitzapen lanak egiten, San Andres ermitara joateko bidearen eta Zalbide baserriaren artean. Egokitzapen lanak hiru hiletan amaituko dituztela aurreratu dute.
“Lanak egiten ari garen tartean bihurgune asko daude eta errepidea estua da. Horrek zirkulazioa oztopatzen du. Tarte hori hobetzeko, 7,25 metroko zabalera daukan plataforma bat egingo dugu”. Azaldu dutenez, 7,25 metro honela banatuko dira: 6 metroko zabalera daukan kaltzada (ibilgailuentzako), 0,60 metroko hormigoizko areka eta segurtasun hesia jartzeko 0,65 metroko hormigoizko inposta. “Errepide berriaren plataforma gaur egungo euste hormaren gainean kokatuko denez, tarte horretako ezkerreko bidearen azpian indusketa egin behar da. Zati baten eskubiko aldean egingo da lan hori”. Bide trazadura ere zuzendu egingo dutela esan dute.
Lanak egingo diren tarte horretan, gainera, 3,50 eta 2,50 metroko harlangaitzezko euste hormak daudela esan dute. “Euste horma horiek ez dute egonkortasun nahikorik. Beraz, horiek egonkortzeko 95 metroko tarte egokituko dugu”.
Galbaixoko bidea kopontzeko lanek 425.323,45 euroko aurrekontua daukate.