Akarregi pilota taldearen gidaritzapean eta Lekeitioko Udalaren laguntzagaz,
XIV. Trinketeko Esku Pilota Txapelketa jokatuko da datorren urtean Lekeition. Azken urteetan bezala, binakakoa izango da txapelketa eta jokoan parte hartu ahal izateko 40 urtetik gora euki beharko dute pilota zaleek.
Antolatzaileek azaldu dutenez, txapelketaren helburua helduen parte hartzea bultzatzea da.”Gutxienez 40 urte bete behar dira 2019an”, zehaztu dute. Partidak urtarrileko, otsaileko eta martxoko
domeka goizeetan jokatuko dituzte, “pilota goxoekin”.
Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute aldez aurretik, herriko kiroldegian edo bestela 94- 624 30 05 telefono zenbakira deituta. Izena emateko epea 2019ko
urtarrilaren 6an amaituko da.
Telleria eta Conde nagusi. Zazpi bikotek parte hartu zuten iazko norgehiagokan; Lekeitio, Deba, Mallabia, Elgoibar, Berriatua, Mendaro, Garzaron, Gizaburuaga eta Mendexakoak. Mallabia eta Elgoibarrera joan ziren txapelak, bigarren urtez jarraian, German Telleria eta Jose Conderen eskutik. Jon Kaltzakorta eta Martin Gerenabarrena gizaburuarra eta lekeitiarra izan ziren azpitxapeldunak.
Txapelketa hau etorkizunean Euskal Herriko beteranoen txapelketa bihurtzea dute asmoa. “Ea Mutriku, Ondarroa, Gernika-Lumo, Markina-Xemein, Munitibar eta inguruko bizilagunak animatzen diren”.