'Gogoan hartzeko izenak' erakusketa aurkeztu dute Markina-Xemeinen
Euskal Memoria Fundazioaren babespean, Joseba Zabalza argazkilariak iaz argitaratutako Gogoan hartzeko izenak liburuan oinarritutako erakusketa ekarri du herrira Markina-Xemeingo Udalak Ahaztuen Oroimena elkartearen laguntzagaz. Atzo [abenduak 5] iluntzean egin zuten aurkezpena Uhagon kulturgunean, argazkilariaren eskutik. Joseba Zabalzak Euskal Herriko gatazka politiko eta armatuaren biktima “ezagunak eta ezezagunak” bistaratu nahi izan ditu bere lanean, biktimek pairatutako gertakari latzak argazki eta kontakizunen bidez adieraziz. Zabalza berak eman zituen ezagutzera biktima batzuk, atzoko ekitaldian.
Indarkeria noiztik eta nondik datorren islatu nahirik, liburuan irakurketa eliptiko edo zirkular bat egin duela azaldu zuen Joseba Zabalzak, “ETAren jarduera armatua existitzen ez zen garaitik hasi eta 36ko gerrako kasu bategaz amaituz”. Horrela, epealdi zabal horretako 105 gertaera jaso ditu guztira, bere lanean.
Zabalzaren esanetan, lehen mailako, bigarren mailako eta hirugarren mailako biktimak bereizi izan dira. “ETA erakundearen ekintzetan hildako edo zaurituak hartu dituzte batzuk biktimatzat, baina beste batzuk non gelditzen ziren jakin nahi nuen Lasa eta Zabala, Santi Brouard, Mikel Zabalza, Josu Muguruza… Eta , azkenean, biktima gehienak ezezagunak direla konturatu nintzen”.
Lekuak oso inportanteak eta bereziak direla argitu zuen Zabalzak. “Beti erakartzen ninduten lekuek. Non aurkitu zuten Mikel Zabalza edo Lasa eta Zabala…”. Baina lekuak inportanteak diren arren, aurpegiak behar zituen lan honetarako. “Historiari buruz hitz egiten dugunean beti agertzen dira izenak, baina izenen atzean badaude aurpegiak eta familiak. Beraz, garrantzitsua zen familiekin zer gertatu zen jakitea eta eurekin hitz egitea”.
Erakusketa abenduaren 22ra arte egongo da ikusgai Uhagon Kulturgunean, udaletxean eta asteburuetan kartzela zaharrean.
Argazki ezberdinak. Kontakizunak osatzeko, betiko argazkietatik ihes egin du argazkilariak. Familiako albumetan murgildu da beste era bateko argazkiak lortzeko. “Bizitzaren argazkiak, ezezagunak”. Jakitera eman duenez, hildakoak ez dira liburuan eta erakusketan agertzen diren biktima bakarrak, larriki zaurituak ere badaude, bai eta torturatuak eta desagertutakoak ere.
Gertaera horien guztien artean badira gertukoak ere, Jaime Guenetxea Gerenabarrena eta Iker Ibarluzea Gonzalez etxebarritarrek 1980ko irailaren 20an pairatutako indar parapolizialen erasoa, edo 1977ko Ammistiaren Aldeko Astean Lekeition jipoitu eta larriki zauritu zuten Antxone Telleria Mendiarena esate baterako. Guenetxea eta Telleria aurkezpenean egon ziren, eta etxebarritarrak aurkezpenean ere parte hartu zuen. Horrelako gertaera bat gainditzea psikologikoki oso gogorra dela azaldu zuen Guenetxeak, eta nahi duen bakarra biktima moduan errekonozitua izatea dela azpimarratu zuen.
Abenduaren 22ra arte. Testigantzak oso garrantzitsuak direla nabarmendu zuen Zabalzak. “Horiek galtzen badira galdu egiten da historia, eta garrantzitsua da guk gure historia idaztea”. Argazkilariak liburuan jaso dituen 105 testigantzetatik 60 biktimenak ikusteko aukera egongo da Markina-Xemeinen abenduaren 22ra arte, tartean bertokoenak.
Herriko hiru hiru aretotan banatuta egongo dira panelak: Uhagon Kulturgunean, Markina-Xemeingo udaletxean eta Kartzela zaharrean. Azken gune horretako erakusketa asteburuetan egongo da zabalik: abenduaren 8an eta 15ean, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta abenduaren 9an eta 16an, 12:00etatik 14:00etara.