Eskola jazarpena saihesteko tailerra antolatu dute umeentzat
6 eta 8 urte bitarteko umeei zuzenduta, saioak abenduaren 12an, 14an eta 19an egingo dituzte. Bi orduko saioetan kontakizunak landuko dituzteKontakizunen bidez eskola jazarpena saihesteko tailerra prestatu du Bermeoko Udalak. Udal Liburutegian egingo d...
6 eta 8 urte bitarteko umeei zuzenduta, saioak abenduaren 12an, 14an eta 19an egingo dituzte. Bi orduko saioetan kontakizunak landuko dituzte
Kontakizunen bidez eskola jazarpena saihesteko tailerra prestatu du Bermeoko Udalak. Udal Liburutegian egingo dute. 6-8 urte bitarteko umeei zuzenduta dago, eta abenduaren 12an, 14an eta 19an egingo dituzte saioak, 17:30etik 19:30era.Bi orduko saioak Nuria Dehesak dinamizatuko ditu. Dehesak azaldu duenez, gaur egun eskola jazarpena edo bullying-a arazo bat da eskoletan. «Eskola jazarpenagaz bukatzeko heziketa ezinbestekoa da, balio heziketa on batek arazo horri aurre egiten eta gaur egungo umeak biharko heldu osasuntsu eta zoriontsu izaten ere lagunduko digu».
Horregatik, esan duenez, udal liburutegian eskainiko duen tailerrean «ipuinen bidez errespetua, elkartasuna, ausardia, autoestimua eta enpatia balioak sustatzen» saiatuko dira, «eskola jazarpena saihesten laguntzeko».
Tailerraren antolatzaileek jakitera eman dutenez, saio bakoitzean «balio bat edo bi» landuko dituzte umeekin batera. Hori lortzeko, hainbat motatako kontakizunak irakurriko dituzte: esate baterako, nobelak, ipuinak, olerkiak edota igarkizunak.
Hausnarketa
Irakurketa saio bakoitzaren ostean, irakurritakoa aztertuko dute. Horretarako, umeen ondorengo alorrak landuko dituzte: testuan azaldutakoa gustatu zaien edo ez eta zergatik, zein izan den pertsonaia nagusiaren jokaera, zelan konpontzen diren gatazkak ipuinean, agertzen diren baloreak, zer transmititu dien istorioak, zelan sentitzen diren pertsonaiak eta zelan sentitu diren eurak. Horrez gain, saioetan egun horretan landu nahi dituzten baloreekin lotutako ekintza bat prestatuko dute, eta amaieran, gustuko testua aukeratu.
Bermeoko Udalak zehaztu duenez, tailerrean parte hartzeko interesa dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Hori egiteko herriko Udal Liburutegira joan beharko da. Parte hartzea doakoa izango dela zehaztu dute, eta, gehienez, taldean hamar ume egongo direla.