Lea-Artibaiko negozio ideia jasangarrien lehiaketa, martxan
Abenduaren 14a da lehiaketan parte hartzeko azken eguna. Irabazleak 2.000 euro eskuratuko ditu. Sari banaketa hilaren 21ean egingo da, Markina-XemeinenAzaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak negozio ideia jasangarrien lehiaketa jarri dute mart...
Abenduaren 14a da lehiaketan parte hartzeko azken eguna. Irabazleak 2.000 euro eskuratuko ditu. Sari banaketa hilaren 21ean egingo da, Markina-Xemeinen
Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak negozio ideia jasangarrien lehiaketa jarri dute martxan Lea-Artibain. Ekimenaren helburuak dira ingurugiroarekiko jasangarriak diren balioak bultzatzea, eskualdeko enpresa sarearen lehiakortasunean eragitea eta lanpostuak sortzea. Lehiaketan parte hartu ahal dute 2018an edo 2019an Lea-Artibain mota horretako negozio ideia martxan jarri edo jarriko duten guztiek.Ideiaren jasangarritasunari dagokionez, epaimahaikideek zenbait faktore edukiko dituzte kontuan: gizartearekiko edota inguruarekiko jasangarria den ekoizpen sistema bat martxan ipintzea, mugikortasun jasangarria bultzatzea, baliabide naturalen ustiaketa, hondakinak aprobetxatu edota hauen gutxitzea sustatzea, besteak beste. «Era berean, kontuan hartu dira baita ere, ideien bideragarritasun teknikoa, izaera berritzailea, ingurugiroarekiko eragin eta onurak eta lanpostuen sorrera».
Negozio ideia jasangarri onenak 2.000 euro eta bizikleta elektriko bat jasoko ditu, eta parte hartzaile guztiek euren proiektuak garatzeko arloan adituak diren profesionalen aholkularitza jasoko dute. «Ideia irabazlea emakume batena izango balitz, emakumeak ahalduntzeko EMEEKIN programan zuzenean parte hartzeko aukera izango du, hautaketa prozesutik pasatu barik».
Lehiaketan parte hartzeko epea abenduaren 14an amaituko da. Aurkeztu beharreko dokumentazio guztia antolatzaileen webguneetan dago zehaztuta.
Sari banaketa abenduaren 21ean egingo dute, Markina-Xemeinen dagoen Lea-Artibai Berrikuntza Gunean.