Udaberrian hasiko dira Markina-Xemein eta Berriatua arteko errepidea hobetzeko lanak
Bizkaiko Foru Aldundiak Markina-Xemein eta Berriatua arteko errepideko (BI-633) lanen proiektua onetsi du. Aurreikusi dutenez, datorren urteko bigarren hiruhilekoan hasiko lirateke lanak. 4.592.000 euroko aurrekontuagaz, obrak 20 hileko epean betearazi beharko direla esan dute. Hau da, hasten direnetik amaitzen dutenera arte, ezingo dira 20 hilabete baino gehiago pasatu.
Errepide horretako hobekuntza lanen lehenengo fasean Markina-Xemeinetik Urberuagarainoko tartea hobetu zuten. Eta bigarren fasea 2018an hastekoa bazen ere, atzeratzen joan da, eta orain esan dute datorren urtean egingo dutela. Dena den, lan horiek kezka eragin dute Lea-Artibain. Izan ere, epeak errespetatuz gero, Mutriku-Deba (GI-638) errepideko lanekin bat egingo dute.
Bizkaiko Foru Aldundiak esan duenez, BI-633 errepideko lanen bigarren fasean sarrera eta irteeretan egingo dituzte hobekuntzak, “irisgarrite erraztasuna hobetzeko”. Lanak egingo dituzten tartea Markina-Xemeingo Ubilla-Urberuaga auzotik Berriatuko Erribera auzora arte (butano enpresa zegoen lekura arte gutxi gorabehera) luzatuko da. “Obrek Larruskain-Amalloa auzoa zeharkatuko dute. Guztira, jarduketak 1.700 metroko tartean egingo dira”.
Errepide horretatik batazgeste egunero 6.186 ibilagilu pasatzen direla esan dute. “%8,6 ibilgailu astunak dira”. Zehaztu dutenez, egingo dituzten lanak “istripuak gutxitzeko eta bidearen gaur egungo baldintzak hobetzeko” izango dira. “Bihurgune batzuk zuzendu eta trazadura hobetuko da, ikusgarritasuna hobetuz”. Gainera, konexioak eta bidegurutzeak ere birmoldatu egingo dituztela diote. “Gaur egungo balizatze sistemak hobetu egingo dira, bai eta oinezkoentzako ibilbideak ere; trazaduraren amaieran jarraikortasun espaloia ipiniko da”.