800 bat lagun batu ditu Markina-Xemeingo Kontzezioko Bertso Jaialdiak
[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Ondokoak izan dira bertsolariak: Jon Maia Soria, Maialen Lujanbio Zugasti, Uxue Alberdi Estibaritz, Amets Arzallus Antia, Nerea Ibarzabal Salegi eta Andoni Egaña Makazaga. Ibarzabalentzako jaialdi horretan abesten zuen estreinako aldia izan da. Hauxe izan da haren lehenengo bertsoa: “Betiko kartel betiko egun/dana bardin-bardin dago/baina frontoira lasaixeago/ etorri izan nahiz lehenago/Gozoki batzuk hartu ta bertan/ arratsaldea igaro/Hogei urtetan zuekin eta/oin zuen aurrean nago/ saio ostean hautatuko dut/zein alde dudan nahiago“. Saioa, behetik gora. Hasiera batean, saioak nahikoa kutsu serioa hartu du; gai serioak jorratu dituzte. Ofiziotan, esaterako, apustuak, presoen gaia eta txaleko horiena ikutu dituzte. Eta Ibarzabalek ere etorkinen inguruan egin du bakarkakoa.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Aurrera egin ahala, baina, gai herrikoiagoak jorratu dituzte, eta publikoak eskertu egin du. Egañari, esaterako, Berria egunkariko zutaberako gaiak proposatu dizkiote gainerakoek, eta Markina-Xemeinen egin duten txondorra ere izan dute mintzagai; Lujanbiok boluntarioak lanean jarri behar izan ditu. Euskaraldiako txapak kajoian elkarri berba egiten ere entzun ahal izan da. Beraz, saioak bi zati eduki dituela esan ahal da; behetik gorakoa izan da. Kontzezio Eguneko jaialdian Egañak 25 urte daramatzala parte hartzen plazaratu dute. Eta Ibarzabalentzako estreinako aldia zenez, biek batera egin dute bertsotan. Agertokian lorak egoten direnez,  Ibarzabalek bertso baten esan du Kontzezioko Bertso Jaialdian aritzea balkoitik bere herriari begiratzea bezala dela.[zuzenean ARGAZKI GALERIA IKUSI]
Puntukako saioagaz amaitu dute. Eta Ibarzabali datorren astean jokatuko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalerako animoak ere eman dizkiote. Ahal duena eginda ere, ez dela gutxi izango esan dio Maiak. Horrek herritarren txalo zaparrada sortu du. Azken agurrean, besteak beste, Ibarzabalek eskerrak eman dizkie herritarrei.