Gutxitan ikusten den irudia ikusi ahal izan da egunotan Lekeition: jendetza erakusketa bat ikusten. Lekeitioko Aittitta Txiki kultur elkarteak antolatutako herriko argazki zaharren erakusketak egunez egun Barandiaran aretoa herritarrez bete du. Ikusleak, gainera,
adin guztietako herritarrak izan dira: ume, gazte zein nagusiak. Elkarteak erakusketaren balorazio positiboa egin du.
Guztira herritarrek utzitako
160 argazki iguru jaso ditu elkarteak aurten. “Argazkiak jasotzea izaten da zailean. Jende askok ere ez ditu argazkiak ekartzen. Alde horretatik herritarrei datozen urteetan argazkiak ekartzeko deia egiten diegu”. Erakusketak urteak atzera herriak zeukan itxura erakutsi du.
Elkarteak abenduaren 1ean zabaldu zuen erakusketa, eta herritarrek gaur [abenduak 8] izan dute bisitatzeko azken eguna. Argazki zaharren aurrean jarrita, nagusiek txikienei azalpenak ematen zizkieten. Eta azken horiek harriduraz begiratzen zituzten zuri-beltzezko argazkiak.
Sokamuturra, garai bateko sardinerak, Aittitta Makurra osorik zegoeneko irudiak… egon dira ikusgai. “Gustatuko litzaiguke agintariei esatea Isuntza hondartzan dagoen Aittitta Makurraren apurtutako zatia bilatu egin beharko litzatekeela. Azken finean,
Aittitta Makurra herriko ondare bat da”. Izan ere, urteak atzera norbaitek puntako zatia kendu zion harri mirestuari. “Hor nonbait egongo da punta hori”.
Aittitta Makurra, Isuntza hondartzan.
Erakusketako ateak itxita, elkarteak
San Tomas eguneko azokan egingo du hurrengo ekintza, eta ostean datorren urteko plangintzari ekingo diote. “Datorren urtean urteroko ekintzak egiteko gogotsu gaude: Iparraldeko Haizeak, bakailao txapelketa, sanantolinetako ekintzak… Guk gureari eutsiko diogu”. Dena dela,
elkarteko ateak edozeinentzako zabalik daudela gogorarazi dute. “Ekintzetan parte hartuko dutenak ere antolakuntzan parte hartzera gonbidatzen ditugu”.