Euskal Herriko beste leku askotan bezala, garai batean txondor asko egiten ziren Markina-Xemeingo baserri inguruetan, eta txondorgile edo ikazkin modura ere ateratzen zuten bizimodua herritar batzuek. Ikatzak garrantzi handia zeukan, bai etxeak berotzeko, bai fabriketarako, bai porturako eta burdinoletarako, eta basoa energia iturri garrantzitsua zen. Markina-Xemein inguruetan, esate baterako, hemezortzi burdinola zeuden, Artibai eta Urko ibaien ondoetan sakabanatuta, eta ikazkinen eta txondorgileen lana ezinbestekoa zen. 1936ko gerrarako eta II. Mundu Gerrarako ere ikatz asko egin zuten. Euskal Gobernuak kontratatuta egon ziren herritarrak txondorrak egiten.
Txondorra eraikitzen. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
Urte asko dira, baina, lanbide hori galdu zela; apurka-apurka, petrolioa eta gasa indarra hartuz joan ziren, eta ikatza gero eta gutxiago erabiltzen hasi zen.
Nicasio Jaio izan zen Markina-Xemeingo azken ikazkina, Igotz baserrikoa.
Txondorrak egin eta egur-ikatza sortzeko jakituria horren jabeak, hau da, bai baserrian bai behargin modura txondorgile ibili zirenak adinean aurrera doazela konturatuta, 80 urtetik gora dituzte guztiek, jakituria hori berreskuratu nahi izan du herritar talde batek. Horretarako hoberena txondor bat egitea dela pentsatu dute, eta azaroan martxan jarri zuten egitasmoa, udalaren babesarekin.
Nafarroako egurra. Hasieran, egurra herri basoetatik ateratzea zuten asmoa. Baina, oraindik zuhaitz gazteegiak daudela eta nahikoa kalitaterik ez daukatela iritzita, egurra Nafarroatik ekartzea erabaki zuten azkenean. Guztira,
12.000 kilo egur ekarri dute: pagoa batez ere, eta haritz pixka bat. Urte askoan txondorrak egiten jardun zuen
Antonio Ibarluzea Lauzirika gidari, txondorra eraikitzen hasi dira auzolanean, Xemeinen.
Iduria batzen Goierri auzoan Antonio Ibarluzea, Asensio Arizmendiarrieta eta Abel Ibarluzea.
Lehenengo egurra ebaki zuten, eta Ibarluzea egurrak banaka-banaka kokatzen hasi zen. Aste honetan, herriko ikastetxeetako umeak txondorra ezagutzera joan dira, eta eurek ere egurra pilatzeko aukera eduki dute. Bisitak amaitutakoan, egur guztiak kokatuko dituzte, eta iduriarekin eta goroldioarekin estaliko dute guztia. Iduria lur berezia da, erdi ikatzaren eta erdi lurraren nahasketa. Lur hori, inguruotan egin zen azken txondorrean eskuratu dute, Markina-Xemeingo Goierri auzoan. Lur berria eta lur mota hori nahasten dira estalkia egiteko, eta gero goroldioa jartzen zaio gainean. Antonio Ibarluzea bera, Abel Ibarluzea eta Asensio Arizmendiarrieta ibili dira iduria hartzen, eta jadanik prest daukate txondorrera ekartzeko.,
Abenduaren 14an, jai giroan, txondorra pizten hasiko dira. Baina lana ez da hor amaituko. Azaldu dutenez, denbora beharko da erretzeko. Izan ere, txondor handia eraikitzen ari dira, zazpi edo zortzi egunetan errez joan beharko dena; eta, piztua dutenean, txandaka zaindu beharko dute auzolanean. Goizeko, arratsaldeko eta gaueko txandak osatu dituzte txondorrak su har ez dezan, estali behar denean estaliā¦ une oro zainduta egoteko. Abenduaren 24rako, ikatza prest egongo da.
[HONEKIN LOTUTA] Jai giroan piztuko dute Markina-Xemeingo txondorra