Garai batean garrantzi handia zeukan ikazkinen lanbidea ezagutzera emateko asmoz,
txondor handi bat prestatu dute neguaren atarian, Markina-Xemeinen. Ekimen horren bidez, egur ikatza egiteko ikazkinek eraikitzen zuten egur metaren prozesu osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera edukiko dute herritarrek. Egurra moztu, pilatu eta txondorrari forma eman diote, eta goroldioz eta iduriz ere estali dute jada. Barikuan [abenduak 14] piztuko dute, jai giroan.
Herriko ikastetxeetako ikasleak txondorraren azalpenak entzuten. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
Herritar talde baten ekimenez eraiki dute txondorra, auzolanean, Xemeingo aparkalekuaren ondoko zelaian. Egitasmoagaz bat egin dute bai eta ere Markina-Xemeingo Udalak eta Jai Batzordeak, Ahaztuen Oroimena elkarteak eta herriko Guraso Elkarteak. Herriko ikastetxeetako ikasleek ere parte hartu ahal izan dute eraikuntza prozesuan. Joan den astean bisitatu zuten txondorra adin ezberdinetako ume eta gazteek, eta ikazkinen lana eta txondorgintza hurretik ezagutu ahal izan zuten adituen azalpenak entzun eta egurrak metan jarrita.
Bariku goizetik hasiko dira pizten txondorra, eta prozesua luzea izango dela azaldu dute adituek. izan ere, txingarrautsa egin eta horregaz beteko dute egur meta. Hala, pizkanaka sua hartzen joango da eta arratsalde edo iluntze parterako guztiz piztuta egongo dela aurreikusten dute. Beraz,
18:30etik aurrera hasiko da jai giroa txondorraren inguruan. Trikitixa doinuak eta bertsoak entzun eta txondorra zelan egiten den jakiteko prozesuaren argibideak entzun ahalko dituzte hurreratzen diren guztiek.
Ikasleak egurrak jartzen txondorrean. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
Txondorrak
astebete egingo ditu piztuta, eta uneoro egongo dira arduradunak txondorra zaintzen, gau eta egun. Horretarako txandak antolatu dituzte boluntarioekin eta zaintzak egiteko txoko bat ere prestatu dute txondorraren ondoan. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, txondorraren zaintzari buruzko
ikastaro bat jasoko dute boluntarioek bihar [abenduak 12].
Gabonen atarian egonda,
Olentzerori ere keinu edo omenaldi bat egin nahi diote ekimenagaz. “Euskal Herriko ikazkin ezagunaren irudiak lekua edukiko du txondorraren alboan, eta postontzia ere jarriko da nahi dutenek gutunak utzi ditzaten”.
[ERREPORTAJEA] Ikazkinen lana berreskuratzen