Mutriku Futbol Taldeak 200 bazkide izatera iritsi nahi du
Mutriku Futbol Taldearen zuzendaritza taldeak gogorarazi duenez, bazkidetza kanpainak zabalik jarraitzen du. Mutrikuko futbozale guztiak bazkide egitera animatu dituzte. Oraingoz, 183 bazkide ditu taldeak, baina urtea amaitu orduko 200 bazkidetik gora izan nahiko lituzke. “Ea beste 20 edo 30 lortzen ditugun. 200-210 bazkide izatera iristea gustatuko litzaiguke”.
Herriko futbol taldea diruz babestu nahi dutenek 50 euroko kuota ordaindu beharko dute, baina klubean alabaren edo semeren bat dutenek eta horiek jokalari kuota ordaindu badute, %50eko deskontua izango dute urteko bazkidetzan. Pentsiodunek eta 21 urtez azpikoek, abantailak izango dituzte; 20 euro ordainduko dituzte. Azkenik, familia bonua (gurasoak eta 21 urtetik beherako seme-alabak) egiteko aukera ere badago, urteko 100 euroren truke.
Bazkide kuotaren ordainketa Kutxabanken (ES44 2095 5056 17 106107035) edo Laboral Kutxan (ES78 3035 0188 93 01880003653) egin daiteke BAZKIDE+Izen-abizenak kontzeptua adierazita. Gaineratu dutenez, nahi dutenek partidua dagoenetan futbol zelaian bertan ere egin dezakete bazkidetza, zuzendaritzakoren batera hurreratuta. “Beste edozein unetan zuzendaritza taldekoren batengana hurreratu, eta galdetu lasai”.