Pentsio sistema publiko eta propioa eskatzeko manifestazioak egingo dituzte zapatuan [abenduak 15] Euskal Herriko hainbat hiriburu eta herrietan. Pentsiodunen elkarte eta plataformek kaleak betetzeko dei zabala egin dute. Lea-Artibaiko herri plataformek, esaterako,
Bilbon 17:00etan Jesusen Bihotzetik abiatuko den manifestazio jendetsuan parte hartuko dute. Zapi gorriak eta linternak eramateko eskaria egin dute udaletxe parean egingo den azken ekitaldirako.
Azken hilabeteotan eskatzen ari diren
eskariei eusten jarraitzen dute pentsiodunek. Besteak beste, pentsio sistema publikoa ziurtatze aldera, beharrezko neurriak hartzeko eskatuko diete erakundeei eta eskumena duten politikariei. Era berean, pobrezia gainditze aldera, gutxiengo pentsioa 1.080 eurotan ezartzea eskatzen dute, Europako Gutun Sozialaren irizpideak jarraituz.
Euren eskaerak borondate politikoaren menpe daudela nabarmendu dute. Orain arte adostutako akordioetan ez dute inongo bermerik ikusten, eta erakundeek neurri batzuk hartu baldin badituzte ere,
pentsiodunen helburuetatik urrun jarraitzen dute. Eskaintzen dizkieten “apurrekin” pentsiodun askoren egoera bere larritasunean jarraitzen dutela gogorarazi dute. Euren eskariak asetu bitartean, borrokan jarraituko dute.
Ondarroan astelehenean egindako protesta. Argazkia: Ondarroako Pentsionistak
Mutrikuko pentsiodunek, berriz, Eibarko manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Protesta 12:00etan hasiko da Unzaga plazan, eta bertaratu nahi dutenentzat autobusa antolatu dute; 11:00etan irtengo du Txanbolingo biribilgunetik. Autobusez joan nahi duten herritarrek Anaiarte Biltokian eman dezakete izena.
Ondarroako Pentsionistak elkarteak, aldiz, herriko kaleetan zehar egingo du protesta. Martxa 12:00etan hasiko da Alamedan,
Pentsio duinak eta publikoak, 1.080 minimo lelopean. Zubi Zaharrean amaituko dute manifestazioa, eta bertan, komunikatua irakurriko dute. “Beste hiriburu edo herrietan irakurriko den komunikatu bera irakurri dugu Ondarroan ere”.
Nabarmendu dutenez, pentsio duinak izateko eskubidea ez da bakarrik pentsiodunen kontua, gizarte osoarena baizik, eta aldarrikapenak egiteko garaian,
datozen belaunaldietan pentsatzen dutela ere ohartarazi dute. “Deialdia pentsionistok egin badugu ere, manifestaziora herritar guztiak parte hartzera gonbidatu ditugu. Etorkizuneko pentsiodunengatik ari gara borrokatzen. Gure pentsioak ez eze, atzetik etorriko direnen pentsio duinak eta publikoak ziurtatu nahi ditugu gehienbat”.