Eskualdeko emakumeei laneratzea erraztea helburu duen EMEekin programaren
balorazio positiboa egin du Azaro Fundazioak. EMEekin, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz eta Leartibai Garapen Agentzia eta Lea Artibai Ikastetxearekin elkarlanean, Azaro Fundazioak martxan jarritako programa bat da.
Zortzi emakumek parte hartu dute lehen programan, horietatik lau lanean daude eta besteak ezagutzak hobetzen edota proiektu propioak garatzeko asmotan daudela jakitera eman dute.
EMEekin programaren parte hartzaileak. Argazkia: Azaro Fundazioa
2018ko martxoaren 8an eman zitzaion hasiera EMEekin programari, eta antolatzaileek zein parte hartu duten emakumeek bat egiten dute programari balorazioa oso positiboa emanez: “Programa oso aberasgarria izan da, eta negozio ereduetan ezagutzen ez nituen errealitate asko erakutsi dizkit. Gai asko jorratu ditugu eta gaur egunean lan merkatuan zer eskaini eta eskaintzen den erakutsi dit”, esan du parte hartzaileetako batek. Programak bakoitzaren bizitza pertsonala eta profesionala hobetzeko beharrezko baliabideak eman dizkietela ere gaineratu dute, “egungo gaiak jorratuz eta etorkizuneko errealitaterako prestatuz”.
Bigarrena. Lehenengoaren arrakasta ikusita, antolatzaileek bigarrena jarriko dute martxan 2019an. “
Otsailean hasi eta uztailera arte iraungo duen programa honetan sare bidezko eskolak eta aurrez aurrekoak uztartuko dira, IKT tresnen erabilera sustatu eta familia bizitzarekin bateragarritasuna errazteko asmoz”.
Jakitera eman dutenez,
modulu ezberdinak landuko dituzte parte hartzaileek: komunikazio gaitasunak, sormena, emozioen kudeaketa, lidergotza. Eta coaching eta mindfulness tekniken bitartez bestelako gaitasunak garatzeko aukera ere edukiko dute. “Horrez gain, negozio eredu eta berrikuntzaren inguruko formazioa ere eskainiko zaie, enpresa munduarekin harremana berreskuratu eta egun baloratzen diren konpetentziak ezagutzeko”.
Urtarrilean zabalduko dute EMEekinen bigarren programan parte hartzeko aukera.