Martitzenean [abenduak 11] hasi eta zapatura [abenduak 15] bitartean, Aniztasun Astea ospatzen ari dira Lekeition. Aste osoko egitarauari behar bezalako amaiera amateko, zapatuan Aniztasun Jaia egingo dute, egun osoan. Lekeitioko Udaleko Ongizate Saileko arduradunak esan duenez, Aniztasun Astea Elkarbizitza taldea azken urteetan herrian egiten ari denaren erakusgarri da.
Duela hiru urte inguru sortu zuten herrian
Elkarbizitza taldea. “Herrian herrialde desberdinetatik etorritako jendea bizi dela ikusita, zer edo zer egin behar zela pentsatu genuen. Ideia horrekin, herriko elkarte eta taldeei dei egin eta tarteka batzen hasi ginen”.
Hasiera batean hogei lagun inguru batu ziren. “Jatorri ezberdineko herritarrak batu ginen. Hori bai, gehienok emakumezkoak ginen”. Gutxinaka, jatorri ezberdineko
herritarren arteko harremanak sustatzeko ekintzak antolatzen hasi ginen. Eta hortik sortu ziren beste herrialdeetatik herrira etorritakoei laguntzea helburu duen
Kaixo Lekeitio eskuorria, iaz egin zuten kultura ezberdinen arteko afaria eta abar.
Elkarbizitza taldearen aurkezpena, 2017an.
Auten, baina, La Caixatik diru laguntza bat jaso dutela eta, zer edo zer ezberdina egitea pentsatu genuen, eta horregatik aste oso bat hartu dugu. Martitzenean eta atzo [abenduak 11 eta 13] biztanle berriei ongietorria emateko ekitaldia eta crochet eta puntuzko ehuna egiteko topaketa egin eta gero, gaur
Peruren inguruko ikus-entzunezko emanaldia egongo da Azkue Aretoan. “Rosio Upiachichua Perutik etorritako herritarrak bere herriaren inguruko ikus-entzunezkoa azalduko digu”.
Eta aste osoari amaiera borobila emateko, Aniztasun Jaia egingo dute bihar, 13:00etan hasita. “Alde batetik bertoko eta atzerriko musika edukiko dugu. Eta gero, 14:30ean,
munduko janarien dastaketa egingo dugu”. Janari dastaketan partaide bakoitzak bere herriko janaria eramango duela azaldu dute. “Buffet moduko dastaketa izango da. Platerak-eta guk jarriko ditugu”. Eta eguneko ospakizunekin amaitzeko, Ines Bengoa Lacarra ipuin kontalariak Munduko ipuinak ipuin kontaketa saioa eskainiko du. Saio hori 17:30ean izango da, Azkue aretoan.
Elkarbizitza taldeak orain arte antolatutako
ekintzek harrera ona eduki dutela gaineratu dute. “Eta aurten ere horrela ari da izaten. Beraz, herritar guztiei zapatuko jaian parte hartzeko gonbitea luzatzen diegu”. Zapatukoa eginda, Elkarbizitza taldeak lanean jarraituko duela esan dute.