Onintza Enbeita Maguregi muxikarrak jantzi du txapela, bere osaba Jon Enbeitaren eskutik. Bizkaiko txapela janzten duen
lehen emakumezkoa da. Emozioari eta malkoei ezin eutsita egon da txapeduna, alboan zituen lagunak modura. Galletebeitiagaz eta Ibarzabalegaz entrenatzen ibili da, eta hunkituta zeuden hirurak.
Enbeita, ikus-entzuleak agurtzen.
Bete-bete egin da gaur arratsaldean [abenduak 15, zapatua] Bilbao Arena, 4.350 bertsozale elkartu dira, eta bertso
emanaldi ederragaz gozatu dute. Zortzi bertsolariek hainbat ariketa egin dituzte, eta lehenengo atala amaitu denean, Etxahun Lekuek eta Onintza Enbeitak lortu dute puntu gehien batzea, eta eurek kantatu dute buruz-burukoan. Hauxe izan da kartzelako gaia bi bertsolarientzat: “Zorotzat hartu zaitue danek, baina bardin deutsu”. Eta Enbeitak bikain erantzun dio erronkari: “
Galdera danen erantzuna da/ sarritan geure barrena/ Baina nik nori eskatu behar/ deutsat ba orain baimena?/ Neure barrutik atera nahi dot/ behinola izan nintzena“.
Enbeita eta Lekue, buruz-burukoan.
Ondo egin du Lekuek ere, baina
poto bat ere egin du,urduritasunak bultzatuta. Bera ere ohartu da egindakoaz, baina bikain irauli du egoera. Dena den, hutsegitea erabakigarria izan da irabazlea erabakitzeko, eta hori bera izan du kantugai azken bertsoan ere: “
Montaña rusan ibili bainaiz eta azkenean lurra jota“.
Horrela geratu da sailkapena:
- Onintza Enbeita Maguregi 843,5
- Etxahun Lekue Etxebarria 814,5
- Xabat Galletebeitia Abaroa 493
- Jone Uria Albizuri 489
- Nerea Ibarzabal Salegi 489
- Miren Amuriza Plaza 486,5
- Eneko Abasolo Txabarri ‘Abarkas’ 463,5
- Aitor Bizkarra Ruiz 461,5