Markina-Xemeingo
Berakruz Ikastola bisitatu du gaur [abenduak 17] goizean
Iñigo Urkullu lehendakariak,
Cristina Uriarte Hezkuntzako sailburuarekin batera. Berakruz Ikastolak mendeurrena ospatu zuen iaz, eta ikastolaren berrikuntzak eta aurrera daramatzaten proiektuak ezagutu dituzte bertatik bertara.
Iñigo Urkullu lehendakaria, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Idoia Ventura Berakruz Ikastolako zuzendaria ikastolako irakasle eta ikasleekin.
Lehen Hezkuntzako 6. mailako bi ikaslek Aurreskua dantzatuz eman diete ongi etorria lehendakariari eta sailburuari. Ongi etorriaren ondoren, lehendakaria eta Uriarte sailburua ikastolako arduradunekin elkartu dira, Berakruzen ibilbideaz, aldaketa prozesuaz, metodologiaz eta egun lantzen dituzten proiektuez hitz egiteko. Ikastolako zuzendari, arduradun eta irakasle batzuez gain Elizbarrutiko ordezkariak ere parte hartu dute ekitaldian. Bilkura amaitzean, ikastola bisitatu dute guztiek batera, eta liburutegian amaitu dute bisita, mahai-inguru batean parte hartuz.