Azaroaren 20an Bilboko Arriagan estreinatu eta gero, Iñaki Maruri aktore ondarrutarrak parte hartzen duen
Ghero antzezlanak
Elgoibarren eskainiko du urteko azken emanaldia,
barikuan (abenduak 21),
20:30ean, Herriko Antzokian. Dena dela, urtarriletik aurrera ere beste emanaldi asko eskainiko dituzte. Sarrerak
Internetez erosi ahal dira.
Euskaltzaindia eta Tartean Teatroaren arteko elkarlanetik sortutako obra da Ghero; Euskaltzaindiaren mendeurrenaren harira egin dute antzezlana. Dramaturgia Patxo Telleria aktorea idatzita dago, eta zuzendaria Jokin Oregi da. Marurigaz batera, ondoko aktoreek parte hartzen dute obran: Mikel Martinez, Patxo Telleria, Olatz Ganboa eta Ane Pikaza.
Obra
3.000 urtean kokatzen da. Euskara desagertzeko zorian dago, eta azken euskalduna (Mikel Martinez) hilzorian dago. Garaiko hizkuntza globala ahaztuta, medikuari (Ane Pikaza) euskaraz aritzen zaio. Medikuari alegia batzuk kontatuko dizkio, euskararen inguruko gorabeherak jasoaz.
Maruri, zutik, ezkerretik bigarrena. Argazkia: Tartean
Zehatz esateko bederatzi istorio, bederatzi antzerki poema kontatuko ditu protagonistak. Eta Marurik, Telleriak eta Ganboak istorio horiek antzeztuko dituzte. “Nik pertsonaia ezberdinak antzezten ditut”, dio Marurik.
Antzezlan emozionantea, originala, dibertigarria, harrigarria eta estetikoki ausarta dela diote. “Oreretan publikoagaz hitz egiteko aukera eduki genuen, eta hango batek esan zuen komedia solemnea dela. Eta hala dela esango nuke. Azken finean, puntu komiko batzuk izan arren, beste momentu batzuetan publikoa hunkitu ere egin ahal da”.
Elgoibarren urteko azken saioa eskaini eta gero,
urtarrilaren 11n Oñatin egongo da ikusgai. Eta urrira arte emanaldi asko eta asko eskainiko dituzte Euskal Herri osoan.
IKUS EGUTEGIA
Lanik falta ez zaiola eta, pozik dabil Maruri. Momentu honetan ondoko antzezlanak ditu eskuartean:
Cabaret Chihuahua,
Txarriboda,
Ghero eta
Pinotxo.