Lekeitioko ginekologia zerbitzuan ematen ari diren murrizketak salatzeko
manifestazioa deitu du Potxuak Martxan talde feministak
abenduaren 26rako. 11:00etan hasiko da protesta Lekeitioko osasun etxearen aurrean. Osasun sailak, aspalditik, herriko emakumeentzat “oinarrizkoa” den ginekologia zerbitzua kendu eta Gernika-Lumon irekitako eguneko ospitalera bideratu nahi dutela dio Lekeitioko Potxuak Martxan emakume taldeak, “Lekeitiotik 30 kilometrotara”.
2018ko udan jakin zuten ginekologia zerbitzuan murrizketak ematen ari zirela, “ginekologoaren zuzeneko arreta astero izan beharrean hamabostean behin izango zela”. Horren aurrean
gutun bi bideratu ditu talde feministak. Alde batetik, osasun zentrora, Galdakao-Usansolo ospitaleko zuzendaritzara eta Lekeitioko Udaleko ordezkariengara zuzendutako idatzia bidali zuten urriaren 2an. Gutun horretan egoerari buruzko informazioa eskatzen zieten. Bestalde, adostutakoa ez zirela betetzen ari esaten zuen bigarren gutun bat bidali zieten azaroaren 6an.
Osasun Sailera bideratu dituzte guntunak. Argazkia: Potxuak Martxan
“Gutunaren erantzuna jaso dugu, eta osasun sailak ez direla euren hitza betetzen ari onartu du. Hau gutxi balitz, ginekologia zerbitzua Gernikara bideratzen ari dira bi-hiru hilabete arteko txandak emanez”. azaldu dute. Egoera horren aurrean murrizketa bertan behera utzi eta eskubideak bete ditzaten
ozen eskatzen jarraituko dutela azpimarratu dute. “Urritik hona
1.866 herritarren sinadurak batu ditugu eta aurrera begira Lakuako Osasun Sailari batzar bat proposatzeagaz gain, egoerari irtenbidea emateko mobilizazioak aurreikusten ditugu”, diote. Abenduaren 26koa izango da lehenengoa. “Osasun sailak kentzen diguna guztion artean lortuko dugu. Ez jolastu emakumeen osasunarekin”, aldarrikatu dute.
Errepikatzen den arazoa. Oraingoa ez da Potxuak Martxanek horrelako gertaera bat salatzen duen lehenengo aldia. 2013an ere, Lekeitioko Udalagaz batera, ginekologia zerbitzua kenduko zuten kezka mahaigaineratu zuten. Murrizketaren aurkako sinadura bilketari ere ekin zioten, eta Lea-Artibaiko
2.475 pertsonen sinadurak aurkeztu zizkioten osasun sailari herritarren ezadostasuna erakusteko.
Osasun Sailera bideratu duten gutuna. Argazkia: Potxuak Martxan
Galdakaoko ospitaleko eta Lekeitioko osasun zentroko zuzendariagaz ere batu ziren 2014ko martxoan, eta akordio batetara ailegatu zirela azaldu dute: “Lekeitioko ginekologiaren txandak gehienez hilabetera emango zirela, larrialdi kasuak salbuespen gisa onartuz”. Horrez gain, ginekologia zerbitzuen arazoen aurrean Lekeitioko Osasun Zentroko arduradunagaz komunikazio zuzena bermatuko zela adostu zutela azaldu dute.