Lan heriotzak salatzeko elkarretaratzea egingo dute Lekeition
Aurten 65 lan heriotza gertatu dira Euskal Herrian, horietatik bi Lea-Artibain. Errealitate hori salatzeko, elkarretaratzea egingo dute zapatuan (abenduak 22), 19:00etan, Lekeitioko Eskolapean. Mobilizazioa Kapitalismoak egunero hiltzen gaitu! lelopean egingo da.
Aurtengo datuak ez direla salbuespena diote, «urteroko errealitatea baizik». Horren aurrean, langile kontzientzia berreskuratu eta hedatu, langileen elkartasun sareak antolatu eta babes eta autodefentssa mekanismoak martxan jarri behar direla diote.
“Azken 20 urteetako lan heriotzak batuz gero, 1.700 baino gehiago dira. Eta horiei amiantoagaz lan egitearen ondorioz hil direnak gehituz gero, 3.000 heriotza baino gehiago dira”. Heriotza horiek guztiak “kapitalismoaren menpeko esplotazioaren ondorio” direla diote. “Lan prozesuan langileok zenbakiak baino ez gara. Gero eta azkarrago ekoiztera behartzen gaituzte, muturreko lan baldintzak inposatuz, eta enpresen arteko konpetentzia basatiak eta merkatuak markatzen ditu gure bizitzak”.
Lan erailketak “esplotazioaren ondorio gordinena” direla gaineratu dute. Dena den, zapalketak hamaika aurpegi dituela azpimarratu nahi izan dute: “bizimodu eta lan prekarioa, antsietatea eta estresa bezalako gaixotasunak, hipoteka amaigabeak, langabezia, gosea, pentsio penagarriak… Ekoizpen modu kapitalistak berak bizia galtzera eramaten gaitu”.
Langilegoak defentsarako inolako gaitasun eta bitartekorik ez duela diote. “Krisialdiak langileon arteko konpetentzia areagotu eta elkartasun sareak ahuldu ditu. Geratzen zaigun apurra ez galtzeko beldurra hedatu da, konformismo eta indibidualismoa nagusituz eta langileria zatituz”.
Burgesia errealitatea ezkutatzen saiatzen dela ere gaineratu dute. “Adibidez, lan esplotazioaren ondorio diren erailketak ezbehar edo istripu bezala salduz”.