Emeki Koralak musika zale eta herritar guztiekin batera ospatuko du
domekan [abenduak 23] abesbatzaren 10. urteurrena.
19:00etan, jarri dute hitzordua
Karmengo elizan kontzertu berezirako. Denbora luzea daramate emanaldia prestatzen, entzuleei errepertorio berri bezain apartekoa oparitzeko asmoz. Emekirekin batera kontzertuan parte hartuko dute Antxon Sarasuak, Ianire Krutxagak eta Xabat Ituartek.
Urte osoan izan ditu Markina-Xemeingo koralak 10. urteurrenari lotutako ekintzak. Udan esaterako, Kepa Junkera eta Sorginekin jai desberdin bat eskaini zuten Uni frontoian. Orduan, baina, Kepa Junkera zen nagusi eta eurak laguntzaile. Oraingo honetan, ostera, eurak izango dira protagonistak.

Emeki Korala Kepa Junkera eta Sorginekin egindako kontzertuan.
Yolanda Loira Emeki Koraleko zuzendariak aurreratu duenez, kontzertu anitza izango da.
Kanta berriak abestuko dituzte, Gabon kantak gehienak: “Euskal kantak, Andaluziakoak eta latino-amerikarrak ere sartu ditugu errepertorioan euren kulturan oinarrituta, merenge erritmodunak. Bai eta AEBko abestiak ere”.
Hamar urte hauetan Emeki Koralaren emanaldi askotan parte hartu duen
Antxon Sarasua musikariak lagunduko die pianoan. Eta gero, beste ezusteko gonbidatu bi egongo direla aitatu du Loirak. “Bategaz aritu izan gara elkarlanean, baina besteagaz aurten izango da lehenengo aldia”. Bigarren musikari horrek joko duen instrumentuak entzulegoan harridura eragingo duela aditzera eman du zuzendariak. “Guk ez dugu sekula instrumentu hori erabili eta ez dakit Markina-Xemeinen inork horregaz intrumentuagaz emanaldiren baten parte hartu duen. Beraz, emanaldiari ukitu originala emango dio”.
Emaitza polita. Espero dute jendea kontzertura joan eta oso gustura egotea. Horretarako lanean ibili dira buru belarri urte guztian. “Kontzertu oso bat da, kanta asko dira. 10. urteurrenean errepertorio berria egitea nahi genuen eta urte osoan kanta hauek ateratzen ibili gara. Pentsatzen dut emaitza oso polita izango dela”.
Ordu beteko emanaldia izango da, eta
ilusio handiagaz dago talde osoa. “Arin-arin igaro zaizkigu hamar urte hauek. Orain beste beteranotasun bat eta beste ziurtasun bat ditugu, baina ilusioa hasierako berdina eta hori oso garrantzitsua da talderako”.