Hamargarrenez egingo dute Ondarroako Kakatzan mendi bizikleta martxa
X. Kakatzan mendi bizikleta martxa egiteko dena prest dute antolatzaileek. Beste behin ere, mendi bizikletaren zaleek urtea era berezian eta umoretsuan agurtzeko aukera edukiko dute abenduaren 31n. Zaleentzat hitzordu garrantzitsua bihurtu da Kakatzan, eta martxan 150 bat lagun batzen dira urtero. Antolatzaileek agertu dutenez, “behin etortzen denak errepikatu egiten du”.
09:00etan Alamedara mendiko bizikletagaz agertzeko hitzordua jarri dute antolatzaileek. “Ondo pasatzeko gogoekin” etortzeko eskatu dute, besterik ez. Urtero legez, Ondarroako eta inguruetatik igaroko da ibilbidea; parte hartzaileek 34 kilometro inguruko eta 1,1 kilometroko desnibela duen ibilbide “gogorra” osatuko dute. “Sekula ez dugu ibilbidea errepikatzen, hori bai, urtero Tontorramendi eta Kalamendi igotzen ditugu, eta hor inguruan ibiliko gara”.
Ibilbidea osatu ostean, 12:30ak inguruan, parte hartzaileak jan-edanean batuko dira Alamedan, “urtea ondo agurtzeko”. Bien bitartean, nahi duenak bizikleta garbitu edo dutxa bat hartzeko aukera izango du Arraun Elkartearen lokalean, 12:00etatik 14:00etara.