Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan emango diote amaiera
zapatuan [abenduak 22] Xistera Zirkuituari. Mutilen Ugaren Zirkuituko gazte eta nagusien mailako finalak eta Nesken Zirkuitukoa jokatuko dira
18:00etatik aurrera. Lea-Artibai eta Mutrikuko
bederatzi pilotari daude finaletan.
Mutilen gazte mailako finalagaz ekingo diote arratsaldeari.
Aitzol Galletebeitiak (Lekeitio) eta Aize Iturraldek (BAC Biarritz) osatutako bikoteak Eduardo Agirre (Zumaia) eta
Danel Mandiola (Markina-Xemein) pilotarien aurka neurtuko ditu indarrak. Finak ikusgarria izango dela aurreikusten dute Xisterako arduradunek, “lau pilotariak sasoi onean iristen baitira neurketa honetara”. Atzelari biek maila handia erakutsi dute txapelketan, eta atzean gailentzen denak irabazteko aukera asko izango dituela uste dute. “Aurrean ikuskizuna emateko prest joango da Agirre, eta Galletebeitiak zumaiar gaztea mendean hartzea ez du erreza izango”.
Mandiola eta Agirre. Argazkia: Xistera
Nesken finala etorriko da ondoren.
Maialen Aldazabal (Berriatua Zesta Eskola) eta
Izaro Arbe (Markina-Xemein) eta Maite Ortiz de Mendibil (Hondarribia) eta
Eneritz Lizardi (Danok Bat, Mutriku) bikoteen arteko finala ere dotorea izango dela dio Xisterak. Finalerdia jokatu behar izan duten arren, adituen ustez, Ortiz de Mendibil eta Lizardi dira faboritoak. “Aurrelari gasteiztarrak bere eguna baldin badauka, ez da erreza izango bera geratzea”.
Nesken Zirkuituko finalerdiak. Argazkia: Xistera
Azkenik, mutilen nagusien mailako finalistak aterako dira kantxara. Alde batetik,
Antxon Alberdik (Berriatua Zesta Eskola) eta
Mikel Manzisidorrek (Danok Bat Mutriku) jokatuko dute, eta bestetik,
Gaizka Barinagarrementeriak (Markina-Xemein) eta
Aitor Elkorobarrutiak (Markina-Xemein). Antxon eta Manzi dira faborito. Izan ere, bi torneo irabazi ditu bikoteak: Donibane Lohizunekoa eta Tolosakoa. “Bat aurrean eta bestea atzean, bi onenak izan dira jokatu diren torneo ezberdinetan”. Hala ere, Barinagarrementeria eta Elkorobarrutia ez zeuden finalerdietako faboritoen artean ere, baina finalera arte ailegatzea lortu dute. “Presiorik gabe joango dira seguraski. Argi dago biek oso bikote arriskutsuak osatzen dituztela”.
Jaia. Finalekin Xisterak bere egun handia biziko du. Partidu ikusgarriez gainera, ekitaldiz bete dute eguna. Horrela, zesta-punta zaleek
goizetik edukiko dute zesta-punta partiduak ikusiz gozatzeko aukera. Xisterak jakitera eman duenez, puntista gazteen jardunaldiak egongo dira Markina-Xemeinen, Etxebarrian, Ziortza-Bolibarren eta Berriatuan. “Etorkizunean Xisterako Zirkuituan arituko diren neska-mutilek daukaten maila erakutsiko dute”. Egun osoko jaia izango da, beraz, zapatukoa.