Herriko 12-16 urte bitarteko nerabeen aisialdi eskaintzan ikusitako hutsuneari erantzun bat ematera datorren prozesua abiarazi dute Markina-Xemeinen. Elkarlan sare bat eratu dute herriko eragile ezberdinekin –Udala, norbanako, talde, elkarteak
– eta jakina, gazteei dagokien protagonismoa emanez,
Markina-Xemeingo nerabeen aisialdia berramesten izeneko hausnarketa eta lanketa prozesuari ekin diote.
Markina-Xemeingo Udalak aspalditik zeukan kezkari erantzutera dator proiektua. Hala, udalak eman zuen lehen pausoa
2018ko udaberrian eragile ezberdinekin harremanetan jarriz eta adin inguru horren buetan mugitzen ziren talde, elkarte eta eragileak bilerara deituz. Lehen urrats horretan, aukera desberdinak aztertu ostean, prozesuan zehar bidelagun izan den Txatxilipurdi elkartearen laguntza profesionalaz baliatzea erabaki zuten. Ondoren, gaur egun martxan dagoen
talde eragilea sortu zuten; talde horretan Txatxilipurdikoak, udal ordezkariak, XATeko ordezkariak eta herriko eta bi ikastetxeetako guraso elkarteetako ordezkariak biltzen dira. “Jakinekoa da, denok pasa dugun garai gorabeheratsu bezain aberatsa dela nerabezaroa eta adin tarte honi garrantzia eskaintzeko asmoz ekin genion bideari”, azaldu dute hezitzaileek.
Gazte prozesua aurrera daramaten gazte eta hezitzaileek osatutako taldea.
Gazteen premiak jakiteko jakina, gazteekin eurekin elkartu dira. Urriaren 9an egin zuten lehen bilera gazteekin, gaur egun herrian dagoen aisialdiaren diagnosia egin eta berau aberasteko proposamenak jasotzeko. Ariketa horretan herriko bi ikastetxetako
278 gaztek parte hartu zutela jakitera eman dute, hamabi hezitzaileren laguntzagaz.
Ikastetxeetatik kanpo sortu zuten gero, egitasmoa aurrera eraman duen taldea. Bi hezitzailek eta prozesuan protagonista izan diren 18 bat nerabek osatzen dute. “Urriaren 28tik bi astean behin bildu gara, ekintza ludikoak eta bilera formalak tartekatu ditugu. Ekintza ludikoen artean, bolatokira joan gara, zinemara eta jolas ezberdinak egin ditugu”.
Gazte Lekua. Hainbat saio egin ostean, gazteek argi utzi dituzte ikusten dituzten gabeziak. Neguan epel egoteko toki bat, asteburuetarako ekintzak eta aisialdian gauza ezberdinak egiteko aukerak –diskoteka, pizzeria, trinketea, bolatokia, lagunartean egoteko tokiak– eskatzen dituzte batik bat gazteek. Baina, buruan daukaten helburu nagusia adin tarte horretara bideratuta egongo den Gazte Lekua dela jakinarazi dute. “Bertatik, gazteek eskatzen dituzten ekintzak aurrera eramaten saiatuko gara, gazteek haien aisialdiari ahalik eta etekin handiena ateratzeko asmoz”.
Gazte Lekuaren azpiegituraz jarduteko talde tekniko bat ere sortu dute Txatxilipurdiko kide, hirigintzako zinegotzi eta bi hezitzailek osatzen dutena. Aurrerapausoak ematen jarraitzen dute, aldi berean, nerabe eta hezitzaileek osatutako taldeak eta talde eragileak. Lehenak bi astetik behin garatzen dira hezitzaileekin, talde eragilea, berriz, hilean behin elkartzen da prozesua orokorrean aztertzeko asmoz. “Nerabe taldean, aipagarria da hasieratik taldea egonkortu egin dela eta konpromiso maila altua erakutsi dutela”.
Aurreratu dutenez,
abenduaren 29 eta 30ean irteera bat egingo dute Arrasateko Gazte Txoko desberdinak ezagutu asmoz, eta Markina-Xemeingo Gazte Lekua sortzeko ideiak hartuko dituzte. “Horrez gain, talde izaera eta kohesioa lortzea erraztuko du irteera horrek”. Azpimarratu dutenez, nerabeen autonomia eta erabakiak hartzeko gaitasuna ere landu nahi dituzte aldi berean, prozesu honen bidez, “haien kritikotasuna garatuz”.