Gabonetako txapelketa irabazi du Inhar Urruzunok
90 jasoaldi egin ditu harri-jasotzaile ondarrutarrak; bigarren eta hirugarren sailkatuek baino hiru eta zortzi gehiago. Urtea agurtzeko «sari ederra» dela dio90 jasoaldigaz, 2018ko Gabonetako Harri-jasotzaile Txapelketa Kirolbet saria irabazi du Inha...
90 jasoaldi egin ditu harri-jasotzaile ondarrutarrak; bigarren eta hirugarren sailkatuek baino hiru eta zortzi gehiago. Urtea agurtzeko «sari ederra» dela dio
90 jasoaldigaz, 2018ko Gabonetako Harri-jasotzaile Txapelketa Kirolbet saria irabazi du Inhar Urruzuno ondarrutarrak urrezko harri-jasotzaile mailan (37+25+28). Haren atzetik sailkatu dira Xabier Peñagarikano Peña 87 jasoaldigaz (35+24+28) eta Imanol Albizu Goikoetxe 82 jasoaldigaz (34+21+27).Finala Asteasuko Usarrabi pilotalekuan jokatu zen, abenduaren 31n. Hiru finalistak antzeko mailan ailegatu ziren finalera, eta nahikoa norgehiagoka estua izan zen.
Lanei dagokienez, finalistek hiru minutuko lanak egin behar izan zituzten 100 kiloko zilindro zaharragaz, 100 kiloko harri kubikoagaz eta 100 kiloko bolagaz. Urruzuno aurretik hasi zen, eta abantaila horri eutsi zion bukaerara arte.
Bigarren
Txapelketari dagokionez, zozketa bidez lanak bigarren egitea egokitu zitzaion Urruzunori; hain zuzen ere, Peña aurkari gogorrenaren atzetik. Horrek abantaila ere eman ziola dio. «Berak hasieratik tope jo zuen, eta nik bere marka askorik nekatu barik gainditu ahal nuela ikusita, indarrak azken harrirako laga nituen. Zilindroagaz bi jasoaldiko abantaila lortu nuen, eta kubikoagaz beste batekoa. Gauza arrarorik gerta ezean, txapela nirea izan zitekeela ikusi nuen bolagaz hasi orduko».
Urtea amaitzeko «sari ederra» izan dela aitortu du Urruzunok, eta agertu duenez, txapelketara oso ondo prestatuta joan zen. «Aste batzuk lehenago Euskal Herriko txapelketa nagusia jokatu nuen, baina gaixorik joan nintzen, antibiotikoak hartzen. Erretiratzekotan ere egon nintzen, baina aurrera jarraitzea erabaki nuen. Hirugarren amaitu nuen, eta Gabonetako txapelketa irabazita arantza hori kentzea lortu dut».
Jende asko batu zen frontoian, eta hori ere eskertzekoa izan zela nabarmendu du harri txikien txapeldunak. «Ikusgarria izan zen zaleen erantzuna, eta horrek sekulako poza ematen du. Badirudi herri kirolek zaleak badituztela».