Ondarroako Udalak hainbat herri batzar antolatu ditu HAPOa herritar guztiekin batera diseinatzen jarraitzeko;
eguenean [urtarrilak 10], 19:00etan, lehenengo saio irekia egingo dute Kofradia Zaharrean. “Hiri Antolamenduko Plan Orokorra herritar guztiekin batera diseinatzeko prozedura martxan da joan den ikasturtetik. Lehen fasea igarota eta arkitektoen txostena aurkeztuta, herritarrek erabakiak hartzeko unea iritsi da”.
Ostean,
sektorekako saioak egingo dituztela aurreratu dute udal iturriek. Urtarrilaren 15ean herriko hiru ikastetxeetako LH3ko ikasleekin egingo dute saioa, “haurren beharrak ezagutze aldera”. Emakumeen ikuspuntua txertatzeko, aldiz, urtarrilaren 17an beste saio bat egingo dute Emakume Kontseiluagaz. “Datozen egunotan data gehiago aurkeztuko ditugu”.
Udalak garrantzia berezia eman nahi die antolatu dituzten saioei, “hurrengo urte luzeetako Ondarroa nolakoa izango den erabakiko baita prozesuan”. Ekarpen guztiak ongi etorriak izango direla gogorarazi dute.