Mutrikuko Samikolla azpiko malda egonkortzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute udalak eta Jaurlaritzak
Akordioa urte amaieran sinatu zuten, eta bi aldeek (Mutrikuko Udala eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura, Portu eta Itsas Gaietako saila) borondatea azaldu dute Samikolla auzoko San Nikolas ermitaren azpiko malda egonkortzeko lanen finantzaketaren eta exekuzioan lankidetzan aritzeko.
Proiektuan aurreikusitako lanak 2019an gauzatuko dituztela nabarmendu du Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak. Lanei dagokienez, beharrezkoak diren jarduerak egiteko gutxi gorabeherako kostua 154.281 euro (BEZ barne) izango dela jakitera eman dute. Egindako eta egiteke dauden jarduketen guztizko kostu zenbatetsia bi alderdien ekarpenekin finantzatuko dute; bakoitzak %50ean.
Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Mutrikuko Udalari dagokio lanen kontratazioa eta egin beharreko lanen zuzendaritza eta ikuskaritza teknikoa. Udalak, berriz, lanen nondik norako guztien berri emango dio Jaurlaritzari. Alkateak agertu duenez, lanak lehiaketara ateratzea falta da. “Dokumentua prestatzen ari gara”.
Lizardik azpimarratu duenez, lanak lehenbailehen egin beharko lirateke, oraindik ere malda amiltzeko arriskua dagoelako. “Ez nuke gehiago luzatu nahi. Gaia nahikoa luze doa eta. Egia esan, malda egonkortzeak berebiziko garrantzia du. Segurtasuna emango die aldamenean bizi diren bizilagunei, baita inguruetatik paseatzen duten oinezkoei. Era berean, bertan autoak aparkatzen dituztenek lasaitasun osoz aparkatuko dute bertan, eta arriskuagatik galdu den aparkaleku zatia ere berreskuratuko dugu”.
Malda egonkortu ondoren, berriz, azpian dauden arrantzaleen etxolak konpontzen hasiko direla aurreratu du Lizardik. Izan ere, txabolak eroritako harrien ondorioz kaltetuta daude.
Lur jausiren nondik norakoak. 2018ko urtarrilaren bukaeran harri eta harkaitzak erori ziren San Nikolas ermitaren azpiko maldan behera; zehazki, Moila kaleko 10. atariaren ondoko arratzaleen txabolen gainera erori zen lur jausia, eta horrek nahikoa kalte eragin zituen. Orduz geroztik Burumendi hondartzara doan bidearen zati bat itxita dago herritarren segurtasuna bermatzeko.
Horren aurretik, 2013. urte hasieran, harkaitzak erori eta maldaren oinean pilatu ziren, Moila kaleko 10. atariaren ondoan. Lehen jur jausiaren ondoren, magala egonkortzeko behin-behineko zenbait neurri hartu zituzten. Besteak beste, 2014ko urtarrilaren amaieran, malda egonkortzeko larrialdiko lanak egin zituzten, zenbait harri bloketan antzemandako ezegonkortasuaren ondorioz. Moila kaleko 10.ean, hesi dinamiko bat jarri zuten eraikina babesteko, eta patiora erori ziren material guztiak kendu zituzten.
Maldari dagokionez, nahikoa ezegonkorrra da, eta berau aztertu eta egonkortzeko helburuarekin, hainbat azterlan egin dituzte, Eusko Jaurlaritzako Portuetako Zuzendaritzak eskatuta. 2013ko apirilean malda egonkortzeko txosten geoteknikoa egin zuten eta 2014 apirilean, berriz, malda egonkortzeko eraikuntza proiektua.
2018ko apirilean, aldiz, eta Mutrikuko Udalak eskatuta, San Nikolas ermitaren azpiko malda egonkortzeko proiektua idatzi zuen Ikerlur enpresak. Proiektuan, zehatz esateko, eremua segurtasun baldintza egokietan erabili ahal izateko beharrezkoa den irtenbide egonkortzaile bat zehazten da.