Gazteentzako Skate parkea izango denaren lanak gaur [urtarrilak 8] hasi dituzte (gunea hesitu dute) Zaldubide kalearen amaieran; zehatz esanda,
Zaldupe ikastetxe atzeko aparkalekuan, helduentzako kirolgunearen alboan. “Bertara bidegorriz heldu daiteke, parkearen erabilera erraztuz. Helduentzako kirol gunea ondoan dago, eta honi esker, adin ezberdinetako herritarrek kirolerako erabiliko duten gune berri bat sortuko da”.
Udal iturriek aurreratu dutenez, parke berriak
40 metro luze eta 4,5 metro zabalerako bi arranpa edukiko ditu. “Bi errail izango ditu gazteek skatean zein patinetean ibiltzeko. Lan honi esker, herriko gazteek aspaldian zuten beharrari irtenbidea ematea ahalbidetuko zaio”.
Ondarroako Skate parkea izango denaren gunea hesitu egin dute, lanak hasi baino lehen. Argazkia: Ondarroako Udala
Aurrekontuari dagokionez, iazko aurrekontuan exekutatu ezin izan ziren hainbat partidetako
40.000 euro Skate parkean inbertitzea erabaki du Ondarroako Udalak, “gazteek kirola egiteko leku duin bat izan dezaten eta aldi berean, herriko bestelako espazio publikoak oztopatuak izan ez daitezen”.
Skate parke berriak edukiko lukeen itxura. Argazkia: Ondarroa Udala