2019. urtean ohiturak aldatzen jarraitzeko gogoz dator Berbalagun
Egitasmoan izena emateko deialdia eginez hasi dute urtea. Antolatzaileen berbetan, «indartsu» ari dira. Kirola eta natura ardatz dituzten jarduerak antolatu dituzteBermeoko Berbalagunek gogotsu hasi du urtea. Jarraitu ohiturak aldatzen lelopean, izen...
Egitasmoan izena emateko deialdia eginez hasi dute urtea. Antolatzaileen berbetan, «indartsu» ari dira. Kirola eta natura ardatz dituzten jarduerak antolatu dituzte
Bermeoko Berbalagunek gogotsu hasi du urtea. Jarraitu ohiturak aldatzen lelopean, izena emateko deialdia egin dute Berbalagunegaz bat egin nahi dutenentzat.AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin eta Bermeoko Hizkuntza Eskolagaz batera bideratzen du egitasmoa udalerrian Bermeoko Udaleko Euskara Sailak. Antolatzaileek adierazi dutenez, Berbalagun «indartsu» ari da. Izan ere, «40 lagun baino gehiagok» eman dute izena dagoeneko, lagunartean eskolatik eta euskaltegietatik kanpo euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukera ematen duen egitasmo horretan parte hartu ahal izateko.
Juan Karlos Agirre Euskara zinegotziak azaldu duenez, «oso harrera ona du aurten ere Berbalagunek, eta, gainera, urtez urte aberastuz doa». Aitziber Gabikaetxebarria euskara teknikariak gogoratu duenez, Berbalagun egitasmoan «edonork parte hartu dezake», eta horretarako, goizez zein arratsaldez, ordutegi desberdinetan «hainbat talde» sortu dituzte.
Marimar Hernandez Berbalagun egitasmoaren dinamizatzailearen berbetan, Berbalagunen parte hartzeko «euskaraz berba egiteko gogoa baino ez da behar, euskara ikasten ari direnentzat eta euskaraz normalean hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta baitago».
Iazkoari jarraituz
Egitasmoaren barne, euskara praktikatzea bultzatzeko kirola eta natura ardatz dauzkaten jarduerak antolatu dituzte. Azaldu dutenez, iazko esperientzia arrakastatsua ikusita prestatu dituzte aurtongo jarduerak.
Ekintza horiek Berbalagunentzat bakarrik izan ezik, egitasmoaren parte ez diren herritarrentzat ere prestatutakoak dira. Horien berri emateko hainbat bide erabiltzen dituzte: Berbalagun hileroko agenda, Berbalagun info! eta sare sozialak.
Egitasmoan parte hartu nahi dutenek Bermeoko AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegietan, Hizkuntza Eskola Ofizialean edo Bermeoko Udaleko Euskara Sailean izena eman dezakete edo Marimar Hernandez dinamizatzaileagaz 607 60 95 80 telefono zenbakian harremanetan jarrita.