Gernika Sarietarako hautagaiak hilaren 25a arte aurkez daitezke
Bakearen eta berradiskidetzearen aldeko Gernika sarietarako hautagaiak aurkezteko epea zabaldu du Gernika-Lumoko Udalak. 2005. urteaz geroztik urtero banatzen dituzte sari horiek Gernika bonbardatu zuteneko urteurren egunean, eta 2019ko sarien hautagai...
Bakea eraikitzeko eta berradiskidetzea bultzatzeko lanean diharduten pertsona fisiko edo juridiko, erakunde edo bestelako pertsona edo taldeen aitorpena publiko egitea dute asmo sariek. Bi sarietatik batek bakearen alde lan egiten duten pertsona anonimoen eginkizuna saritzen du, eta, besteak, liderrak, pertsona ezagunak edota erakunde garrantzitsuak.
Epaimahaiak erabaki
Hautagaitzak Gernika-Lumoko kultur, kirol edota gizarte eragileen bitartez aurkeztu daitezke; baita udal ordezkaritza duen talde politikoren batek abalatuta ere. Pforzheimeko Udalak ere proposamenak egin ditzake. Talde edo elkarte bakoitzak kategoria bakoitzeko hautagai bakarra aurkeztu ahal izango duela zehaztu du udalak.
Halaber, proposatu nahi den hautagaitzaren merezimendu txostena aurkeztu beharko dute interesatuek. Hautagai denak kontuan hartu eta epaimahaiak erabakiko du saria nori eman.
Gernika-Lumoko alkateak, Udalbatza osatzen duten hiru kidek, Pforzheimeko alkateak, Gernika Gogoratuz Fundazioaren ordezkariak, Bakearen Museoaren ordezkariak eta Gernika-Lumoko Kultur Etxeko ordezkariak osatzen dute epaimahaia.
Berradiskidetzaren alde
1992an egin zuten Bakearen Saria sortzeko lehen hausnarketa Gernika-Lumoko Udalak eta Gernika Gogoratuz Fundazioak. Beraien asmoa Gernika-Lumoko hiribildutik Bakearen eta Berradiskidetzearen Kulturaren balioak sustatzea izan zen. Ordutik hona, hiribilduak bultzatu duen lanak emaitza argiak izan ditu: Gernika Gogoratuz Bakearen Ikerketa Zentroa sortu zuten; baita Gernikako Bakearen Museoa ere.
Urte hauetan zehar egindako berradiskidetzearen aldeko lana da azpimarratu beharrekoa. Emaitzarik adierazgarriena Roman Herzog Alemaniako RF-ko Presidentearen aitorpena dugu. Gernika-Lumoko bonbardaketatik bizirik atera ziren lekukoei, 1997ko apirilaren 27an zuzendutako gutunaren bitartez, Gernika-Lumoko bonbardaketan Alemaniako Kondor Legioaren parte-hartzea aitortu eta bostekoa luzatu zien berradiskidetzerako.
Horrez gain, nazioarteko aitorpenaren isla ere izan dute Gernika Sariek. Izan ere, UNESCOk Europako eskualdeko Bakearen Hiriak Saria 2002-2003 eman zion 2004ko irailaren 9an.
Iaz, Daniel Barenboimek eta Helena Malenok jaso zituzten Gernika Sariak Gernika-Lumoko bonbardaketaren urteurrenean. Barenboim ezin izan zen bertaratu; Maleno, berriz, bai,