Lekeitioko Udalak HAPOren behin-behineko dokumentua onartu du
Lurzoru kontsumoaren arrazionalizazioa kontuan hartuko du, besteak beste, plan berriak. Etxebizitza kopurua 309koa izatea zehaztu dute, hortik %47 gizarte etxebizitza izango daLekeitioko Udalak Herri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) behin-behine...
Lurzoru kontsumoaren arrazionalizazioa kontuan hartuko du, besteak beste, plan berriak. Etxebizitza kopurua 309koa izatea zehaztu dute, hortik %47 gizarte etxebizitza izango da
Lekeitioko Udalak Herri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) behin-behineko dokumentua onartu du. Abenduaren 26ko osoko bilkuran eman zioten onespena dokumentuari.Udalak jakitera eman duenez, azaroaren 14an amaitu zen udalerriko lurzoruaren erabilera definitu eta arautzen dituen planari alegazioak egiteko epea, eta guztira, 20 alegazio jaso zituzten. «Epea bukatu ondoren, egin beharreko aldaketak egin eta genero ikuspuntua txertatuta eman zion osoko bilkurak behin-behineko onespena HAPO berriari». Dokumentua Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Sailera eta Lurralde Antolamendurako Batzordera bidali dute, erakunde horien oniritzia jasotzeko.
Lekeitioko Udalak, besteak beste, lurzoru kontsumoaren arrazionalizazioaren alde egiten du plan berrian. Hortaz, gaur egungo hiri ehunaren edo hiri trama garapenei lehentasuna ematea dute irizpide. Hau da, herri barrua egiten joatea, hutsuneak betetzen joatea lehenetsi dute, eta ez garapen bakartuak edo isolatuak bultzatzea.
Bestalde, etxebizitza kopuru osoa, gutxi gorabehera, 309koa izatea zehaztu dute, eta etxebizitza kopuru horretatik % 47,25 etxebizitza soziala izango da. Gainera, bost solairu baino gutxiago dituzten eraikuntza berriak mantenduko dira.
Udalerriaren barruan oinezkoen mugikortasuna sustatzea ere jaso dute HAPO berrian. Nolanahi, hiri garapen berrietan iriste erraztasuna ziurtaraztea indarreko arlo araudia betez. Eta, ahal den neurrian, bai eta gaur egungo espazioetan ere.
Lurzoruari dagokionez, 73.034 metro karratuko lurzoru urbanizagarri ezabatu dituzte, gehien bat Santa Katalina eta San Antolin inguruan. Zerbitzu eremu bat ere planteatzen dute, tokiko jarduerei zerbitzua emateko. «Enpresa txikientzako biltegitzat hartu daiteke, baina gaur egun indarrean dauden arau subsidiarioek aurreikusitako 31.710 metro karratutik 6.630 metro karratura murrizten da eremua».
Maderas de Lekeitio plan berezi batean sartzea ere proposatzen du dokumentuak.
Prozesu luzea
Lekeition indarrean dagoen Plan Orokorra 1996ko martxoan onartu zuten, eta ordutik hogei aldaketa baino gehiago izan dituela azaldu dute, «azkena 2007an behin betiko onartutakoa». Adierazi dutenez, Plan Orokorrak onartzen direnetik zortzi urtera berrikustea gomendatzen du legeak. Horrela, 2007 urtean planak berrikuspena behar zuela erabaki zuen udalak, «eta harrez gero parte hartze prozesuak egon dira, baina ez da orain arte dokumentu berririk landu eta onartu».
Dokumentu berria eta aukera ezberdinak 2016ko abenduan eta 2017ko urtarrilean jarri zituzten ikusgai Barandiaran aretoan, herritarren iritziak eta ekarpenak jaso asmoz, eta zalantzak argitzeko solasaldiak ere antolatu zituzten. «Prozesu luze honetan, udalak argi izan du natura ingurunea eta eraikitako ondarearen babesa izan behar direla Lekeitioko ardatz egituratzaileak. Gainera, indarrean dauden arau subsidiarioak aurreikusten zituzten hiri hazkundeak gaur egungo errealitateagaz ez datoz bat».
Ondorioz, gizartearen beharrizanak asetzera bideratuko liratekeen hiri garapenak lehenetsi direla azpimarratu dute: babes ofizialeko etxebizitzenak, zuzkidura bizitegiak… «Beste edozein garapen, herri barruko bilbearen edo tramaren egokitzapen lanetan justifikatuta egon beharko litzateke».