Samikollako malda egonkortzeko hitzarmen akordioa sinatu dute
Udalak eta Jaurlaritzak malda egonkortzeko lanen finantzaketaren eta exekuzioan lankidetzan aritzeko hitzarmena sinatu dute. Lanak erdiz bana ordainduko dituzteMutrikuko Samikolla azpiko malda egonkortzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Mutrikuko Ud...
Udalak eta Jaurlaritzak malda egonkortzeko lanen finantzaketaren eta exekuzioan lankidetzan aritzeko hitzarmena sinatu dute. Lanak erdiz bana ordainduko dituzte
Mutrikuko Samikolla azpiko malda egonkortzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute Mutrikuko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura, Portu eta Itsas Gaietako Sailak. Akordioa urte amaieran sinatu zuten, eta bi aldeek borondatea azaldu dute malda egonkortzeko lanen finantzaketaren eta exekuzioan lankidetzan aritzeko.Proiektuan aurreikusitako lanak 2019an gauzatuko dituztela nabarmendu du Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak. Lanei dagokienez, beharrezkoak diren jarduerak egiteko gutxi gorabeherako kostua 154.281 euro (BEZ barne) izango dela jakitera eman dute. Lanen kostu zenbatetsia bi alderdien ekarpenekin finantzatuko dute: bakoitzak %50ean.
Hitzarmenean jasotakoaren arabera, Mutrikuko Udalari dagokio lanen kontratazioa eta egin beharreko lanen zuzendaritza eta ikuskaritza teknikoa. Udalak, berriz, lanen nondik norako guztien berri emango dio Jaurlaritzari. Alkateak agertu duenez, lanak lehiaketara ateratzea falta da. «Dokumentua prestatzen ari gara».
Azpimarratu duenez, lanak lehenbailehen egin nahi dituzte, oraindik ere malda amiltzeko arriskua dagoelako. «Malda egonkortzeak berebiziko garrantzia du. Segurtasuna emango die aldamenean bizi direnei, baita inguruetatik paseatzen dutenei. Bertan autoak aparkatzen dituztenek ere lasaitasun osoz aparkatuko dute bertan, eta arriskuagatik galdu den aparkaleku zatia ere berreskuratuko dugu».
Arrantzaleen etxolak
Malda egonkortu ondoren, berriz, azpian dauden arrantzaleen etxolak konpontzen hasiko direla adierazi dute; amildutako harrien ondorioz kaltetuta daude.
Lur jausiari dagokionez, 2018ko urtarrilaren bukaeran harri eta harkaitzak amildu ziren San Nikolas ermitaren azpiko maldan behera; zehazki, Moila kaleko 10. atariaren ondoko arrantzaleen txabolen gainera erori zen lur jausia, eta horrek nahikoa kalte eragin zituen. Orduz geroztik Burumendi hondartzara doan bidearen zati bat itxita dago herritarren segurtasuna bermatzeko.
Horren aurretik, 2013. urte hasieran, harkaitzak erori eta maldaren oinean pilatu ziren, Moila kaleko 10. atariaren ondoan. Lehen jur jausiaren ondoren, magala egonkortzeko behin-behineko zenbait neurri hartu zituzten. Besteak beste, 2014ko urtarrilaren amaieran, malda egonkortzeko larrialdiko lanak egin zituzten, zenbait harri bloketan antzemandako ezegonkortasuaren ondorioz. Moila kaleko 10.ean, hesi dinamiko bat jarri zuten eraikina babesteko, eta patiora amildu ziren material guztiak kendu zituzten.