Urteko lehenengo mendi irteera bateratua antolatu dute Lea-Artibai eta Mutrikuko mendi taldeek
Lea-Artibai eta Mutrikuko mendigoizale taldeek urteko lehenengo mendi irteera bateratua egingo dute domekan [urtarrilak 13], Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeko kideekin batera. Hain zuzen ere, Busturialdean eta Lea-Artibaian barrena zeharkaldia egingo dute.
Guztira, 18,5 kilometrotako ibilbidea (1.150metro desnibela gora eta 1.070metro behera) egingo dute eta tartean, Illuntzar mendira (726 metro) igoko dira; mendi taldeek jakitera eman dutenez, gutxi gorabehera, bost ordu eta erdian egiteko modukoa izango da. Hurrengoa izango da ibilbide osoa: Barrutia auzoa (Arratzu), Elorriaga auzoa (Kortezubi), San Lorentzo ermita, Omako baso margotua (Kortezubi), Oma (Kortazubi), Akorda (Ibarrangelu), Illuntzar (Aulesti), Narea auzoa (Aulesti) eta Aulesti.
Autobusa. Ohi modura, autobusa egongo da irteerara joateko. Debatik abiatuta, autobusak lehen geldiadia Mutrikun egingo du, mendizaleak 07:40ean jasoko dituzte Txanbolingo biribilgunean. 07:45ean, berriz, Ondarroan dauden mendizaleak jasoko dituzte Astilleruko autobus geltokian. Azken geldialdia Markina-Xemeingo autobus geltokian egingo du autobusak, 08:00etan. Lekeitioko ibiltariek ere bertan hartuko dute autobusa.
Irteeran parte hartu nahi dutenek ohiko lekuetan eman beharko dute izena eguena [urtarrilak 10] orduko: Mutrikuko Aparra jantzi dendan, Ondarroako Anaitasuna tabernan eta Markina-Xemeingo Loirats dendan eta Alpinoko lokalean.