Axular Arizmendi: "Bilduma bat egin nahi nuke Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Euskadiko orfeoi profesionalarekin"
Orain dela bi urte kaleratu zuen Baga, itsas ertzeko euskal soinuak lana Axular Arizmendi Urkiza (Mutriku, 1982) musikari, abeslari eta ekoizle mutrikuarrak, eta orain kresalak zipristindutako Biga, itsas ertzeko euskal doinuak lanarekin dator esku artean. Getaria, Orio, Pasaia eta Hondarribiako abesbatzak asmo berarekin batu ditu ekoizle mutrikuarrak: euskal kantu herrikoiak bigarren bilduma batean batzea.
Oraingoan ere kostaldeko herriak aukeratu dituzu.
Proiektu honen gakoa Euskal Herriko kostaldeko marinel herriak batzea da. Eta poliki-poliki galtzen ari diren kanta historiko horiek berreskatu nahi izan ditut bilduma batean, etorkizunerako ondorengoei datozenei ere jasota lagatzeko; hori izan da nire asmoa.
Noiz hasi zinen bigarren proiektu honekin?
Ia urte bat eman dugu lanean. Proiektu hau guztia koordinatzea ez da batere erraza. Bilerak egin behar dira udalekin, herriko abesbatzak aktibatu, kantuak adostu, eta horiek denak orkestraziorako moldatu behar izan ditu Ramon Perez LaspeƱasek… Azkenean 500 pertsonatik gora izan dira Biga-n parte hartu dutenak, eta horrek denak koordinatzeak ere lana dakar. Nik, egia esan, asko gozatu dut lan hau egiten. Proiektuan parte hartu duten herritarrek, izan ere, ilusio eta gogo handia ipini dute kantatzerako orduan.
Lau herri batu dituzue kantuan, zenbat kantu abestu ditu bakoitzak?
Aurrekoan egin modura, oraingo honetan ere hamabi kantu jaso ditugu bilduman; herri bakoitzak itsasoarekin edo arrantzarekin zerikusia duten hiru euskal kantu herrikoi aukeratu ditu.
Zeintzuk?
Oriotarrek Balearen bertsoa, Arrantza eta Bertso txiki bat aukeratu dituzte; getariarrek A Getaria, Gora Elkano eta lau bat kantuz osaturiko Pupurria; hondarribiarrek Arraunak bizkarrian, Agur Hondarribi eta Azken portuan, eta pasaitarrek, azkenik, San Pedro bodegoia, Arraunlariak eta Zortziko de las bateleras.
“Kostaldeko kantu ondarearei buruzko erreportaje bat ere jaso nahi izan dugu”
Grabaketa berriz, non egin duzue?
Herri bakoitzeko leku berezietan egin dugu ahotsen grabaketa, sonoritateari dagokionez, ahalik-eta toki egokienetan. Ahotsen grabazioak, berriz, lau zapatutan egin genituen, udazken hasieran.
Orkestazioari dagokionez, zelan egin duzue?
Digitalki egin dugu orkestazio guztia, filmetako soinu banda baten itxura emanaz. Estudioan instrumentu batzuk soltean grabatu baditugu ere, gehiena digitalki sortu da programa oso sofistikatu baten bidez. Ramon Perez LaspeƱasek filmetako soinu bandak sortzen ditu, eta bigarren lan honetan ere bera arduratu da horretaz.
Kantuak biltzeaz gain, ikus-entzunezkoa ere jaso duzue bilduman.
Kostaldeko kantu ondarearei buruzko erreportaje bat ere jaso nahi izan dugu. 50 minutuko dokumentala egin du Eneko Elezgarai mutrikuarrak. Bertan, lau herrietako hainbat herritarrek parte hartu dute. Besteak beste, marinelak izandakoak, udal kultur teknikariak… prozesuan parte hartu duten jendeak parte hartu du dokumentalean. Herri bakoitzari buruzko hainbat zehaztapen, itsasoan bizitako bizipen berri, kantei buruzko hainbat datu, kantu horrek zer suposatzen duen herriarentzat, noiz kantatzen den… jaso ditugu beste kontu askoren artean.
Lana non lortu daiteke?
Argitalpen mugatua izan da; herri bakoitzean 500 bilduma banatu dira. Guztira, 2.100 kopia egin dira, horietatik 100 Mutrikun saldu dira. Izan ere, Baga-n parte hartu zuten askorek bazuten lan hau ezagutzeko interesa-eta. Santomas azokan saldu ziren ale batzuk, baina, oraindik, Aparra jantzi dendan aleren bat edo beste eros daiteke.
Biga proiektuak zelako harrera izan du?
Oso ondo! Hainbat herritako bizilagunek zoriondu gaituzte, eta badirudi jendea oso pozik dagoela.
Hainbeste jenderen laguntza izan duzu proiektua osatzerako orduan.
Alboan izan ditudan guztiak eskertu nahi nituzke, bereziki, diskoan parte hartu duen taldeari: Ramon Perezi, Estanis Elortzari, Eneko Elezgarairi eta Ion Bergarari. Hau, azken finean, talde lan bat da. Horrez gain, Joseba Palenzuelari ere eskerrak eman nahiko nizkioke Getariako udal ordezkarien batzarrera laguntzeagatik. Gerokoan, Getariako udal ordezkariek proiektuaren ideia beste udaletara zabaltzen lagundu didate. Eta zelan ez, abesbatza guztiei; proiektua euren guztien ahotsei esker gauzatu da eta.
Bigarren lan honen atzetik hirugarrenik etorriko al da?
Laister Donostiako udal ordezkariekin hasiko gara berbetan, eta gure asmoa datorren urtean Higa Donostian grabatzea da. Hiriburuen kasuan, bilduma osoa bertako kantuez osatuko dugu. Aurrera begira, Iparraldeko herri batzuk batu nahi nituzke Laga bilduma osatzeko. Ondoren, Busturialdeko kostaldeko herri garrantzitsuenak hartuta, Boga egin nahiko nuke. Azkenik, Bilborekin bukatu nahiko nuke Sega lana. Hori da nire asmoa aurrera begira; proiektu honen bidea hori izango litzateke, baina ikusi egin beharko da ea zer ahal dugun lortu. Proiektuaren bukaeran, berriz, aurreko proiektuetan parte hartu duten herri guztiak batu nahi nituzke. Bilduma bat egin nahiko nuke Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Euskadiko orfeoi profesionalarekin batera: horixe da nire ametsa.
Lan horiek guztiak egitea noiz bururatu zitzaizun?
Baga kaleratu ondoren proiektua jende askori gustatu zitzaiola ikusi nuen, eta proiektua zabaltzea pentsatu genuen.
Diskoen izenak ere bereziak dira.
Egia esan, izenak Ion Bergara diskoaren diseinatzaileari bururatu zitzaizkion, eta asko gustatu zitzaidan berak proposatutako ideia. Modu honetara, gainera, Mikel Laboa zenari keinu bat egin diogu. Laboa artista maitea da niretzako.