Elkarbizitzarako bidean presoen garaia «orain» dela aldarrikatuko dute
Etzi 17:00etan Casillatik aterako da manifestazioa. Sindikalgintza osoaren ordezkaritza egongo da Bilbon, lehenengoz. Autobusak antolatu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun«Ezberdinen arteko elkarrekintzan oinarrituta, elkarbizitza eta bakerako ezinbeste...
Etzi 17:00etan Casillatik aterako da manifestazioa. Sindikalgintza osoaren ordezkaritza egongo da Bilbon, lehenengoz. Autobusak antolatu dituzte Lea-Artibai eta Mutrikun
«Ezberdinen arteko elkarrekintzan oinarrituta, elkarbizitza eta bakerako ezinbestekoa zaigun presoen arazoari irtenbidea emateko gizarte zibila aktibatu behar da». Sarek eta Bakearen artisauek argi dute, eta presoen garaia «orain» dela arrazoituta, dispertsioagaz amaitzeko eskatuko dute etzi, Bilboko kaleetan. 17:00etan Casillan jarri dute hitzordua; handik abiatuko da mobilizazioa.Bakegintza eta elkarbizitzaren bidean: orain presoak izango da aurten zabalduko duten leloa, eta, adierazi dutenez, ETAren desegitea eta armagabetzea eta gero, presoen aldia «orain» dela esan nahi diete Madrili eta Parisi: «Bake iraunkor integral baterako oinarriak gizartearen aktibaziotik etorri behar dira, eta horrek denon ardura eta ahalegina behar du. Bakearen bidea alde guztien eginkizuna da: jendartearena bere aniztasunean, elkarteena, instituzio politiko zein instituzionalena, eta, noski, estatuena».
Antolatzaileek urte luzeetan ezinezkoak izan diren aukera berriak zabaldu direla diote: «Garai berri baten aurrean gaude, eta jendarte bezala aurrera egiteko probestu behar gara. Elkartzen gaituen horretan jarri behar dugu indarra, behin betikoz sufrimendu ororen sorreragaz amaitu ahal izateko».
Bilboko manifestazioan, aurten, lehenengoz, sindikalgintza osoaren ordezkaritza egongo da, eta Herrialde Katalanetako ordezkaritza politikoa ezeze, preso dauden politikarien senideak ere egongo direla jakinarazi dute arduradunek.
Iraganetik «ezer baztertu eta ahaztu barik» bidea egiten jarraitu behar dela diote Sarekideek, eta indarkeria guztien biktima guztiei zor zaien egia aitortu behar zaiela uste dute. Hala, errespetua eta errekonozimendua nabarmenduz elkarbizitza demokratikoa posible ikusten dutelako, etorkizun hobe bati ateak zabaltzeko eskatuko dute etzi.
Orain Presoak dinamikak azken hilabeteetan lortutako atxikimenduak eskertu eta txalotu gura izan ditu, «norbanako bakoitzak emandako urratsak beharrezkoak direlako».
Gure Esku Dago-k ere bat egin du dinamikaren aldarrikapenekin, eta manifestazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei, «giza eskubideen, elkarbizitzaren eta bakearen defentsan». Bilboko manifestazioagaz bat egiteko deia egin dute baita ere Busturialdeko Sarekideek.
Geralekuak
Lea-Artibai eta Mutrikun, ohi legez, Bilborako autobusak antolatu dituzte. Busturialdean, lineako autobusetan joango dira.
Mutrikun Zubixa herriko tabernan eman behar da izena, eta autobusa 15:30ean aterako da Txanbolingo biribilgunetik. Ondarroan, Anaitasuna eta Kulixka tabernetan eman behar da izena; autobusa 15:00etan aterako da Zaldupeko Zubitik. Markina-Xemeingo herritarrek Txokun eta Alarabin eman beharko dute izena, eta etxebarritarrek Iru Bide tabernan. Autobusa 15:15ean aterako da Bilborantz. Lekeitiarrek, berriz, Guzurmendi, Aralde eta Galarrena dituzte izena emateko tokiak. Lekeitioko autobusa 15:15ean aterako da Mandaskatik.
Gabon sasoian asko izan dira preso, iheslari eta deportatuen eskubideak eskatuz egin diren ekimenak. Ondarroan, esaterako, urtero legez, preso eta iheslarien eskubideen aldeko Kalera Kalera! Badator Olentzero! kalejira egin zuten abenduaren 24 iluntzean. Alde Zaharretik Alamedara joan ziren herritarrak, «etxean falta direnak gogoan».
Gernika-Lumon, beste alde batetik, abenduaren 31n Orain Presoak adierazteko bete ziren kaleak, eta dispertsio politikak 29 bete dituela salatu zuten. Kepa Arronategi gaixotasun sendaezina duen preso gernikarraren kasua gogorarazi zuten, bere etxeratzea exijituz. Dispertsioari irudia jarri zioten Foruen plazan, eta sakabanaketak dirauen urte bakoitza adin bereko pertsona bategaz ordezkatu zuten. Gainera, Bilboko manifestaziora joateko deia egin zuten: «Indarrak batu behar ditugu eta Bilboko kaleak giza eskubidez, konponbidez eta bakez bete behar ditugu».