Julen Uribesalgo eta Ioritz Feijoo fitxatu ditu Aurrerak
Ondarroako Aurrera Kirol Elkarteak bi jokalari ondarrutarren fitxaketagaz erasoko jokoa sendotu nahi izan duela nabarmendu du.
Feijoo Salamankako (Espainia) 3. mailako UD Santa Marta taldetik dator, eta aurrelari postuan jokatzen du. 2016/2017ko denboraldi-aurrea Aurrerarekin egin zuen, eta golak ere sartu zituen. Besteak beste, Zamoran eta Cultural Leonesaren harrobiko taldeetan jokatu du.
Uribesalgo, aldiz, 2.B mailako Cultural Durango taldetik dator. Aurreran Ohorezko mailan eta 3. mailan jokatu ostean, Durangora joan zen, eta iaz igoera lortu zuten. Zelai erdian eta puntaerdi postuan jokatzen du.
Ibon Lopez entrenatzailearen esanetara ariko da zapatuan [urtarrilak 12] Feijoo, Aurrerak Derioren aurka jokatuko duen neurketan. Partidua 16:30ean hasiko da Zaldupen. Uribesalgok, bestalde, hurrengo astean jantzi dezake Aurreraren kamiseta.