Ondarroako Udalak aldundiaren bi milioi euroko mailegua jasotzeko izapide guztiak egin ditu
Aldundiak duela hilabete batzuk onartu zuen Ondarroako Udalari mailegu hori ematea, baina dirua jasotzeko izapide guztiak abenduan amaitu dituztela esan du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak. Aldundiak emandako diru kopuru hori 10 urtean bueltatu beharko dio udalak, interes gabeko kuota berdinetan. “Kreditu bat eskatu genuen Kutxabanken, eta hori ordaindu ahal izateko aldundiak 2 milioi euroko mailegua eman digu”, agertu du Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkateak. Maileguari esker, udalak UTE Kamiñalde taldea Kamiñaldeko mendi magala egonkortzeko egiten ari diren azken faseko lanak ordaindu ahal izango ditu.
Dirua itzultzeko, udalak Udalkutxatik jasotzen dituen kopurutik ordainduko ditu kuotak. Udal iturriek adierazi duenez, urtero 200.000 euro gutxiago jasoko dituzte. Kobraketa egiten, bestalde, 2021ean hasiko da aldundia. Hau da, lehenengo 24 hilabetetan udalak ez du kuotarik ordaindu beharko.
Atzerapenik barik. Kamiñaldeko mendi magala egonkortzeko lanen azken faseko lanak urriaren hasieran hasi zituzten, eta agertu dutenez, hasieran esandako zazpi hilabeteko epea amaituko dituzte.
Eneritz Basurko hirigintza zinegotziak adierazi duenez, Kamiñaldeko lanak oso ondo doaz; “denboran sartzen ari dira. Orain lana moteldu egingo da, ezkerraldean behin betiko habeak sartuko dituztelako”. Eskuineko aldean beheko pantaila egin ostean lurra kentzeko prozesuak lana zerbait moteldu dezakeen arren, orain arteko erritmo onari esker, hasieran esandako epea mantenduko da.
“Hasieran egondako informazio falta saihesteko”, Udal Gorbernuko ordezkariak bizilagunekin batzarrak egiten ari dira hilabetero. Alkateak eta gainontzeko zinegotziak unean uneko informazioa partekatzen dute, eta bizilagunen kezkak eta ekarpenak jaso.