Nerea Gartzia eta Eneko Arrate: "Kamaleoien modura aldatzen joaten gara, proiektuetara egokituz"
Duela zortzi bat urte Irrien Lagunak proiektuaren baitan ezagutu ziren Nerea Gartzia eta Eneko Arrate. Herribixi Kooperatiba Elkarte Txikia sortzearen aldeko apustua egin zuten duela urte eta erdi, eskualdean herrigintzan eragiteko.
Duela urte eta erdi Herribixi Kooperatiba Elkarte Txikia eratu zuten aktore ondarrutarrak eta markina-xemeindarrak. Euren asmoa eskualdean eragitea da; haziak ereiten hasita daude.
Zer dela eta sortu zenuten Herribixi proiektua?
Nerea Gartzia: Duela zortzi bat urte Irrien Lagunak proiektuaren baitan ezagutu ginen. Bidaia asko egiten ditugu, eta ordu asko izaten ditugu furgonetan berba egiteko. Euskal Herri mailan ari ginela lanean ikusten genuen, baina eskualde mailan beharra badagoela ikusita, eta horretarako gogoa ere bagenuenez, bertan eragitea erabaki genuen.
Eneko Arrate: Euskal kultura, euskalgintza, herrigintza… gustuko ditugu. Eskualde mailan hutsune batzuk ikusten genituen, eta profesionalki hor eragin behar zela iruditu zitzaigun.
Noiz gauzatu zenuten proiektua?
N.G.: Duela bi urte eta erdi hasi ginen ideari buelta bat ematen, eta 2017ko uztailean sortu genuen Herribixi Kooperatiba Elkarte Txikia. Azaro Fundazioaren laguntzari esker hasi ginen kooperatiba sortzen. Hasierako pauso guztiak ematen asko lagundu digu, eta, horrez gain, enpresa haztegian bulego bat ere utzi digute oso modu onean.
E.A.: Enpresa bat sortzea apustu handia da beti, baina hemen eskualde mailan oso ondo babestuta gaude. Eskualdeko kooperatibek ere hasierako inbertsioetarako laguntza bat eman zi-
guten, eta horrek ere asko erraztu zigun hasiera.
Zergatik Herribixi?
E.A.: Euskara gustuko dugu, eta euskararen arloan nahi dugu eragin. Herrigintza eta herrian eragitea ere gustuko ditugu; hortik dator Herri. Dinamizazioen arloan ibiltzen gara, eta hortik dator: Bizi. Sarri Andoni EgaƱak Barinagako bertso afari batean ibilitako esaldia erabiltzen dugu: “Herrian bizi behar duenak, herri bizia behar du”. Gu eskualde txiki bat gara, eta herrietan bizitzeko bizitasun bat egon behar du, eta bizitasun hori euskaratik bultzatzen badugu nahitaez herri hori euskalduna izango da.
Zein da Herri eta zein Bixi?
N.G.: Azkenaldian egin ditugun saioetan Eneko Herri modura eta ni Bixi modura aritu gara, baina edozein momentutan aldatu daitezkeen profilak dira. Biok gara Herri eta Bixi. Bakoitzak Herri-ren eta Bixi-ren nortasunak ditu aldi berean.
E.A.: Proiektu batzuetan Herri eta Bixi bagara ere, kamaleoien modura aldatzen joaten gara, proiektuetara egokituz. Bertsozale elkarteagaz lana egiten dugu, Irrien Lagunak-en jarraitzen dugu, beste pertsonai batzuk bihurtu al gara, proiektuak ere dinamizatu izan ditugu…, denetarik egiten dugu; asko gainera, beste euskal artista batzuekin elkarlean.
Zein da zuen publikoa?
E.A.: Irrien Lagunak-en edota Bertso Elkartean, esaterako, gure lana umeengana gehiago bideratu izan dugu. Baina Herribixigaz esparru hori zabaldu nahi izan dugu. Euskal Herri mailan proiektu asko haurrei bideratuta daude, baina guk bestelako esparruetan ere eragin nahi izan dugu. Nerea, adibidez, proiektu interesgarri batean murgilduta ibili da.
“Gu oso biziak gara, eta ez diogu ezerri beldurrik; saiatzea da garrantzitsuena”
Zeinetan?
N.G.: Iaz Markina-Xemeingo Uhagonegaz batera elkarlean, antzerki ikastaro batzuk antolatu genituen umeentzat eta gaztetxoentzat. Ikastaroa oso ondo joan zen, eta aurten berriro errepikatuko dugu. Ikastaroa urtarrilaren 27an hasiko dugu, eta hilean behin batuko gara. Urritik abendura, berriz, Markina-Xemeingo erretiratu talde bategaz ere antolatu dut ikastaroa.
Zelan joan da esperientzia?
N.G.: Gabonetarako antzerki pieza bat sortzeko ea ikastaro bat emango genien eskatu ziguten. Niretzako oso esperientzia aberatsa izan da. Sormen fase guztiak elkarrekin egin ditugu, eta azkenean antzerki komunitario bat landu dugu.
Duela urte eta erdi sortu zenuten Herribixi. Hain denbora gutxian hainbeste gauza egingo zenituztela espero zenuten?
N.G.: Gu oso biziak gara, eta ez diogu ezerri beldurrik. Oso lotsagabeak gara, eta horrek ere asko laguntzen digu gauza desberdinak probatzerako garaian. Proiektu bat garatzen hasi, eta ez badu funtzionatzen ez da ezer gertatzen. Saiatzea eta probatzea da garrantzitsuena.
Euskerean Eupadie! zuen proiektu ezegunenetariko bat izan da eskualdean.
E.A.: 2017ko udazkenean euskara bultzatzeko lehiaketa egin genuen gaztetxoentzat, eskualdeari buruzko hainbat galderekin. Oso harrera ona eduki zuen, eta aurten errepikatu egingo dugu.
“Pertsonaiak norbere esperientzatik edaten du, zure izatea eta baloreak daramatza”
Azkenaldian formakuntza gehiago jasotzen ibili zarete.
E.A.: Euskal Herrian euskaraz gauza asko ez zirela lantzen iruditzen zitzaidan; denok antzerki formatu berera lerrokatuta gaude. Hemen ez zeuden proiektuei begira hasi nintzen, eta antzerkiarentzako beste formula batzuk baziren aztertzen, gerokoan, herritartzeko eta euskaraz proiektu horiei bidea emateko. Aukerarik onena Madrileko konpainia bat zela iruditu zitzaigun.
N.G.: Antzerki komunitarioa eta hemen asko ezagutzen ez diren antzerki motei buruz asko ari gara ikasten. Etorkizun hurbil batean hemen ere horrelako proiekturen bat martxan ipintzea gustatuko litzaiguke. Antzerki soziala guretzako oso tresna aberatsa da gaur egun herrigintzan ditugun egoera asko azaleratzeko eta lantzeko.
Hainbat pertsonaia interpretatzen dituzue. Zenbat dute zuengandik eta zuek eurengandik?
N.G.: Gure zati handi bat dira; pertsonaiak norbere esperientzietatik edaten du, zure baloreak eta izatea daramatza, baina, baita norberak pertsonaiarenak. Pertsonaiak izate bat dauka, eta hori interpretatzen duen pertsonagaz bat egiten da.
E.A.: Hainbeste ordu pasatzen ditugu horretan, eta azkenean, pertsonaia eta interpretea gero eta hurrerago daude.
Irrien Lagunak-en ezagutu zenuten elkar, zer eman dizue?
N.G.: Irrien Lagunak-ek asko eman digu, eta oraindik ere asko ematen jarraitzen du. Irrien Lagunak-ek jendea eta proiektu ezberdinak ezagutzeko aukera ederra eman digu, eta, aldi berean, trebatzeko aukera ere eman digu modu askotan.
Hainbeste urte egin dituzue oholtza gainean. Pasadizoak ere asko izango dituzue, ezta?
E.A.: Denetarik pasa zaigu. Behin, ikuskizun batera bidean, Nerearen furgonetari eskuineko leihatila behean geratu zitzaion, neguan, sekulako hotzagaz.
N.G.: Beste batean, Etxebarrira joan behar ginen, eta kontrataziokoak herriagaz nahaste bat izan zuen, eta Bilboko Etxebarrira joan ginen. Ailegatu ginenean, teknikoak han ez zela aipatu zigun. Fitxan begiratu genuenean, saioa eskualdean egin behar genuela konturatu ginen.