Izaro Aranburu atleta aulestiarrak urrea lortu du 95. Bizkaiko Kros Txapelketan
Durango Kirol Taldeko Izaro Aranburu Renteria aulestiarrak lehen postuan amaitu du 3.500 metroko kros lasterketa, nesken kadete mailan. Nagusitasun osoz irabazi du.
Domekan [urtarrilak 20] Bizkaiko banakako eta kluben arteko kros txapelketa jokatu zuten Berrizko Berrizburu zirkuituan, eta bertan, Lea-Artibaiko hainbat atletek parte hartu zuten. Durango Kirol Taldeko Izaro Aranburu Renteria aulestiarrak, esaterako, lehen postuan amaitu zuen 3.500 metroko lasterketa, nesken kadete mailan.
Aranburuk nagusitasun osoz irabazi zuen lasterketa, 11 minutu eta 45 segundoko markagaz. Bere atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Atletismo Santurtzi taldeko Haizea Rueda (11.57) eta Deportivo Zornotza taldeko Naia Basterra (11.59).
Durango Kirol Taldeko Urtza Agirre Lersundi ondarrutarrak, bestalde, 5. postuan amaitu zuen lasterketa, 12.17 marka eginda, eta bere atzetik helmugaratu zen Lekeitioko Tximista taldeko Jule Arkotxa Arrate, 12.20 denboragaz.
Durango Kirol Taldeko arduradunek adierazi dutenez, pozik daude asteburuan lortutako emaitzekin. “Izarok garaipen ederra lortu du, eta Urtza gaixorik egonda gero, geldika-geldika goruntz dator”.
Gazte mailan mutiletan, berriz, Durangaldea Running taldeko Jonan Bilbao Ormaetxebarria markina-xemeindarrak 5. postuan amaitu zuen. 19 minutu eta 4 segundo behar izan zituen 5.000 metroko zirkuitua osatzeko.