Otsailaren erdi aldera hasiko dituzte Ondarroako lonja berriko lanak
Lanak, berez, urtea hastearekin batera hasi behar ziren, baina zer edo zer atzeratu egin behar izan dituzte, izapide administratiboengatik. Egin behar diren izapide guztiak dagozkien denboran eginez gero, lehen faseko lanak otsailaren erdi aldera hasiko direla aurreratu dute Jaurlaritzako iturriek.
Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak jakitera eman duenez, aurreikuspen guztiak betetzen badira hasiko dira lonja berriaren eraikuntza lanak otsailaren lehen hamabostaldian.
Lanak, berez, urtea hastearekin batera hasi behar ziren, baina zer edo zer atzeratu egin behar izan dituzte, izapide administratiboengatik. “Espedienteei buruzko izapideak egin behar izan dituzte ogasunean, eta horiek geldirik egon dira. Beraz, lanen kontratua ezin izan dute sinatu, eta kontratua sinatu barik ezin dira lanak hasi”.
Egin behar diren izapide guztiak dagozkien denboran eginez gero, lehen faseko lanak otsailaren erdi aldera hasiko direla aurreratu dute. “Helburu horrekin lanean ari gara. Ez dugu uste aurretik hasiko direnik”.
Lanak abuztuaren hasieran atera zituzten lehiaketara. Hamar enpresa aurkeztu ziren, eta proposamen teknikoak eta ekonomikoak aztertu ondoren, Lanak Bycam, Gaimaz eta Altuna eta Uria enpresek sortutako UTE Ondarroak egingo dituela jakitera eman zuten Gabon bueltan. Lanek, guztira, 16.600.108,18 euroko (BEZa gabe) aurrekontua dute. 47 hilabeteko epean egingo dira lanak: lehen faseko lanek bi urte iraungo dute, bigarren fasekoek 10 hilabete, hirugarren fasekoek 7 hilabete eta laugarren fasekoek sei hilabete.
Ia lau urte iraungo duten lanek eragin nabarmena edukiko dute portuko egunerokoan, baita herrian ere. Hori dela eta, eta eragina ahalik eta gutxien igartzeko, hainbat neurri hartuko dituzte.
Lanek, batez ere, baxurako arrantzontzien karga eta deskarga lanetan eragingo dute. Hala, arrainaren karga eta deskarga egin ahal izateko, gutxienez lau metroko zabalerako lekua utziko dute fase guztietan. Eraginik nabarmena berdel eta antxoa kosteretan igarri dezakete arrantzaleek. Horren jakitun, arrantza hilabeterik oparoenean ahalik eta gutxien oztopatzeko, martxotik ekainera bitartean, lanen intentsitatea gutxitzea aurreikusten dute.
Lanek, era berean, orain arte arrainentzako kaxak eta tinak gordetzen diren tokiari ere eragingo die; hau da, moila zaharrari. Fase horretan gaur egun arrain karga eta deskarga egiten lekuaren zati handi batean egingo dira lanak. Proposatu diren neurrien artean, karga eta deskarga egiteko tokia portuko erabiltzaileek erabiltzen duten aparkalekua dagoen tokira lekuz aldatuko dute (bestelako herritarrek erabiltzen duten aparkalekua irekita egongo da). Hori bai, lanak dirauten tarte guztian, 52 plazako behin-behineko aparkalekua ipiniko dute moila berrian, galduko diren aparkalekuak orekatzeko.
Aparkalekuei dagokienez, hurrengo hiru fasetan bestelako neurriak hartuko dituzte. Izan ere, gaur egun aparkalekua dagoen tokian ere ezingo da aparkatu. Moila berriaz gain, portuko gune batzuk egokituko dituzte horretarako; 46 aparkaleku egongo dira eskura, behin-behinean.