Puntu garbi bat ipini dute Mutrikun
Txurruka Tenienteak etorbideko 9. atariaren parean ipini duten puntu garbiari esker, hondakin bereziak modu zuzenean batu eta birziklatzeko aukera edukiko dute mutrikuarrek, garbigunera joan beharrik gabe
Debabarreneko Mankomunitatearen ekimenez, hamabi puntu garbi jarri dituzte mankomunitatea osatzen duten zortzi udalerrietan. Horietako bat Mutrikun ipini dute, Txurruka Tenienteak etorbideko 9. atariaren parean.
Puntu garbi horri esker, hondakin bereziak modu zuzenean batu eta birziklatzeko aukera edukiko dute mutrikuarrek, garbigunera joan beharrik gabe. “Minipuntu garbiak kalean kokatuta dauden edukiontzietan utzi ezin diren eta gaur egun garbigune batera eraman behar diren material birziklagarriak biltzeko sistema berri bat dira. Helburua Debabarreneko herritarrei beren hondakinak uzteko erraztasunak ematea da, gehiago birziklatzeko puntuak batuz”.
Edukiontzi berezi bakoitzak hainbat konpartimentu ditu alde bietan banatuta; zortzi kutxa txiki eta 80 eta 120 litro bitarteko edukiera duten sei ontzi handi daude guztira.
Kutxa txikietan telefono mugikorrak, CDak eta DVDak, bonbillak, aerosolak, bateria txikiak, pilak, telefono kargagailuak eta erradiografiak batuko dituzte. Ontzi handietan, berriz, kable elektrikoak eta bolumen txikiko txatarra, etxetresna elektriko txikiak, ordenagailu eramangarriak, bideo kontsolak eta bideojokoak, 10 litrotik beherako edukiera duten pintura potoak eta inprimagailu kartutxoak.