Lekeitiok eta Aurrerak asteburuko derbian jarrita dituzte begiak
Ligako bueltako lehen jardunaldia hasteko derbia jokatuko dute Lekeitioko eta Aurrerako mutil nagusien taldeek zapatuan, Larrotegin. Bi taldeek beharrezkoak dituzte jokoan egongo diren hiru puntuak.
Ligako bueltako lehen jardunaldia hasteko derbia jokatuko dute Lekeitioko eta Aurrerako mutil nagusien taldeek zapatuan [urtarrilak 26] Larrotegin. Neurketa 18:00etan hasiko da, eta ez da emoziorik faltako eskualdeko bi taldeen arteko norgehiagokan.
Bi taldeek beharrezkoak dituzte jokoan egongo diren hiru puntuak; biek ere zapatuko neurketan jarrita dituzte begiak. Etxekoak, esaterako, ez daude oso une onean; azken partidua galtzetik datoz eta jaitsiera postuetan daude, sailkapen taulan azken aurreko postuan, 13 puntugaz.
100 zale inguru. Aurrerak, berriz, ligako lehen bueltan ez du garaipenik lortu etxetik kanpo, eta Ibon Lopezen taldea egoera horri buelta emateko asmoagaz doaz Larrotegira. Sailkapenari dagokionez, 7. postuan daude ondarrutarrak 25 puntugaz.
Jokalarientzat ez eze, zaleentzat ere hitzordu berezia izango da biharkoa. Ondarroatik, esate baterako, autobusak antolatu dituzte Lekeitiora joan-etorria egiteko. Eguen [urtarrilak 24] iluntzean amaituko da autobusean izena emateko epea, eta aurreratu dutenaren arabera, 100 zale inguruk eman dute izena. Autobusean ez eze, auto partikularretan ere asko izango dira partidua ikustera joango direnak.