Ondarroako Udalak txakurrentzako guneak ipiniko ditu, herria garbi mantentzeko
Proposamenean jasotzen denaren arabera, hainbat gune zehaztuko dituzte txakurrak solte egoteko. Asmoa aurrera atera ahal izateko, baina, gaur egungo udal ordenantza aldatu beharko dela azpimarratu dute.
Ondarroako Udalak hilabeteak daramatza herriko garbitasunagaz kezkatuta, eta irtenbide integral bat bilatu nahian, txakurrentzako guneak ipintzea erabaki dute. Nabarmendu dutenez, “isunak gogortzeko eskaera ez da nahikoa”. Hori dela eta, kontzientzia piztea eta lekuak ipintzea bilatuko duen ekimena diseinatzen egon dira udal agintariak herritarrekin.
Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkatea, Eneritz Basurko Pagoaga hirigintza zinegotzia, udaltzainak eta hainbat txakur jabe elkarrekin batzen aritu dira proposamena lantzeko. “Txakurra edukitzea eskubidea den bezala, hainbat dira dagozkion betebeharrak ere” , adierazi du Bedialaunetak.
Proposamenean jasotzen denaren arabera, hainbat gune zehaztuko dituzte txakurrak solte egoteko; horiek behar modura seinaleztatuta egongo dira. “Han, txakurrak libre uzteko aukera egongo da, eta jabeak lasai egon daitezke. Gune haietan egiten diren gorotzak batu beharko dira, zikinkeriak gaixotasunik sortu ez dezan”.
Udal ordenantza aldatu beharra. Asmoa aurrera atera ahal izateko, baina, gaur egungo udal ordenantza aldatu beharko dela azpimarratu dute. Izan ere, orain indarrean dagoen ordenantzak hirigune osoan debekatzen du txakurrak solte ibiltzea. “Gaiagaz lotutako kontsentsua” dela-eta, “komenigarriena” hori dela esan du Bedialaunetak. “Denon hobebeharrez udalak erraztasunak jarriko ditu garbitasuna mantentzeko”. Aurreikuspenen arabera, udalak otsailean egingo du ordenantza aldatzeko proposamena ingurumen batzordean, eta onartuz gero, osoko bilkuran onartu beharko da.
Beste neurrien artean, txakur jabeentzat poltsak banatuko dituzte udaltzaingoan. Horretarako, txakurrek izena emanda eduki beharko dute udal erregistroan eta txipa jarri txakurrari. Udaltzaingoak txip irakurgailu berria duenez, errazago kontrolatu ahalko dira animaliak. “Kontzientzia piztean dago gakoa. Lan horretan herritar guztion erantzukizuna daukagu”.