Aurrerak irabazi du Lekeitioren aurkako derbia
Ondarrutarrek 0-2 irabazi dute bueltako derbia Larrotegin. Lekeitiarrek hainbat aukera eduki badituzte ere, esku hutsik amaitu dute partidua.
Lekeitioko eta Aurrerako mutil nagusien taldeak asmo berdinagaz zelairatu ziren zapatuan [urtarrilak 26] Larrotegin: derbiko hiru puntuak lortzeak. Bi taldeek aldeko emaitza lortzeko ahaleginak egin bazituzten ere, eskualdeko bi taldeen arteko derbia oso berdindua izan zen. Ondarrutarrek 0-2 irabazi zuten, bigarren zatian lortutako golei esker.
Zapatuko garaipenari esker, Aurrerak denboraldiko lehen garaipena lortu du etxetik kanpo. “Asko kosta da, baina iritsi da”, azaldu zuten Aurrerako ordezkariek. Hiru puntu horiei esker, gainera, sailkapen taulan bi postu aurreratu dituzte; 5. postuan daude, 28 puntugaz. Lekeitiarrek, berriz, jaitsiera postuetan jarraitzen dute, sailkapen taulan azken aurreko postuan, 13 puntugaz.
Partiduaren lehen zatiari dagokionez, husna berdinduta amaitu zen. Zelaigunean tentsio handia egon bazen ere, bi taldeek gutxi arriskatu zuten. Lehenengo zatiko aukerarik garbiena Lekeitiok eduki zuen. Endika Izak gola sartzeko aukera izan zuen, baina Oier San Miguelek ondo gelditu zuen baloia.
Bigarren zatian, berriz, partidua gehiago ireki zen; bi taldeek aukera gehiago sortuz. Lekeitiok beste gol bat lortzeko aukera eduki zuen, baina langara bota zuten baloia. Hurrengo jokaldian, berriz, Aurrerako Julen Uribesalgok gola sortzeko aukera garbia eduki izuen, baina Lekeitioko Asier Alonso atezainak gelditu zuen baloia.
Partidua bukaerara ailegatzen ari zela, 79. minutuan, sartu zuen Iosu Muiñosek Aurreraren lehen gola. Aurrerako atezainak hasi zuen erasoa, korner batean ostean. Ioritzek eta Uribesalgok jarriatu zuten jokaldia, eta Lekeitioko atezainak gelditu bazuen ere, Iosu Muiñosek baloia sareratu zuen, aldaratzea aprobetxatuta. Hurrengo minutuetan, bi taldeek ez zuten aukera garbirik eduki, baina Xanet Retolazak bigarren gola egin zuen 91. minutuan. Retolazak gol ikusgarria sartu zuten ia zelai erditik, Aurreraren zaletuen gozamenerako; zale askok zelaigunera ere salto egin zuten.
Bi taldeen zaleentzat jai egun berezia izan zen derbia. Giro onean ospatu zituzten partiduaren aurreko eta ondorengo uneak. Ondarroatik, esaterako, 100 lagunetik gora joan ziren bi autobusetan.”Eskerrak eman beharrean gaude Lekeitiora etorri zineten Aurrerazale guztioi, baina bereziki, gazteenei, autobusean sartu eta taldea animatzera joan ziren neska-mutilei”.