Bertan behera laga dute Ondarroan ustez desagertutako gizonezkoaren bilaketa, behin-behinean
Itsasoa zer edo zer baretzen denean eguaztenean Ondarroan ustez desagertutako gizonezkoaren bilaketa lanekin jarraituko dute.
Larrialdi zerbitzuek jakitera eman dutenaren arabera, bilaketa lanak itsas denborale zakarra igarotzean jarraituko dituzte. “Egunotan, alerta laranga iragarrita dago itsasaldeko arriskuagatik; hori dela eta, bilaketa lanak bertan behera laga dituzte behin-behinean, egoera hobetu arte”.
Lau egun jarraian emaitzarik barik bilatzen aritu eta gero, zapatu [urtarrilak 26] iluntzean amaitu zituzten bilaketa lanak, behin-behinean. Azpimarratu dutenez, itsasoa zer edo zer baretzen denean bilaketa lanekin jarraituko dute. “Bilaketa lanekin jarraitzeko asmoa agertu zuten Gurutze Gorrikoek eta Itsas Salbamenduko taldeek. Baliteke Ertzaintza ere talde horri gehitzea”.
Gizonezkoa, ustez, eguazten [urtarrilak 23] eguerdian desagertu zen Ondarroako Kakaleku inguruko harkaitzetan. Herritar batek gizonezko bat harkaitzetara jaisten ikusi zuen, baina ez zuenez igotzen ikusi, larrialdi zerbitzuei abisua eman zien. Bilaketa eguazten eguerdian bertan hasi zuten, eta orduz geroztik, ustez galduta dagoen gizonezkoaren jaka aurkitu dute, dokumentazioarekin barruan. Ez dago berri gehiagorik.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, alerta laranja martitzenen gauera [urtarrilak 29] arte mantenduko da; 5-6 inguruko olatuak espero dira gaur [urtarrilak 28] eta bihar [urtarrilak 29]. Egoerak zer edo zer hobera egingo du eguaztenean [urtarrilak 30]; abisu horia iragarri dute, 2-3 metro inguruko olatuekin.