Eneko Antxustegi eta Eneko Bedialauneta: "Ikasle talde bat bertara joango da guk hasitakoa jarraitzera"
Bir Ganduz proiektuari esker, Yaalah elkarteak emakume gazteen burujabetzarako eta errealizaziorako espazioak sortzeko etorkizuneko proiektu bati ekin dio Tinduffen.

Algeriak utzitako lur zatirik gogorrenean bizi diren saharar errefuxiatuen kanpalekuetara lehen elkartasun bidaia egin zuten abenduan Yaalah elkarteko kideek. Ondarroako hamabost lagun Tinduffen egon ziren astebetez Bir Ganduz proiektua gauzatzen, eta horien artean egon ziren Eneko Antxustegi Urresti (Ondarroa, 1999) eta Eneko Bedialauneta Arrizabalaga (Ondarroa, 1998).
Bir Ganduz egitasmoa martxan jarri berri duzue, baina hara joan aurretik ere nahikoa lan egin beharko zenuten.
Eneko Bedialauneta: Gure egitasmoa Ondarroatik kanpalekuetara eraman behar genituen materialetan ardaztu behar genuela argi eduki genuen hasiera-hasieratik. Batez ere, hezkuntzako eta osasungintzako materialak batu nahi genituen. Horregaz lotuta, herriko ikastetxeetan hezkuntza materiala lortzeko bilketak egin genituen, eta herriko farmazietan, berriz, botikak batu genituen.
Zelan joan zen bilketa?
Eneko Antxustegi: Oso ondo! Tinduff aldera maletak bete-bete eginda ailegatu ginen. Gauza asko jaso genituen, eta batzuk hemen utzi behar izan genituen hurrengo bidaian eramateko. Herriaren erantzuna, egia esan, ikaragarria izan zen, eta lagundu zuten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.
Kanpalekuetan hezkuntza eta osasungintzan dituzten hutsuneak arintzen ahalegindu zarete, hortaz.
E.B.: Hemengo ordezkari sahararrek oinarrizkoena hori zela esan ziguten. Bertako errealitatea, herritarren beharrak eta herria hobeto ezagutu genituenean hasi ginen proiektua hobeto zehazten. Errefuxiatuen kanpalekuetan bizi dira, eta nazioarteko laguntzetatik bizi baldin badira ere, hainbat gabezia dituzte.
Zeintzuk gabezia, esaterako?
E.A.: Bertan eurekin biltzeko aukera izan genuen. Asanbladak egiten genituen, bai gure artean eta baita eurekin batera ere. Gabeziarik handiena emakumeek bizi dutela azpimarratu ziguten.
Eneko Antxustegi: “Esperientzia oso ederra izan da. Bertako familiek euren etxekoak bezala hartu gaituzte, eta horri esker, gizarte sahararra barru-barrutik ezagutzeko aukera eduki dugu”
Zer neurritan?
E.A.: Emakumeak, azkenean, burujabe sentitu nahi du, eta bere gaitasunak erakutsi. Hori jakinda, gure proiektua bertako emakumeengan ere ardaztuta egon beharko litzatekeela iruditu zitzaigun. Eurek eman diguten pare bat ideiari esker gai hori lantzen hasi gara, eta emakume gazteen burujabetzarako eta errealizaziorako espazioak sortzeko etorkizuneko proiektu bati ekin diogu. Idara (udala) aurrean bi lokal daude, eta lokal horietan zerbait antolatzea pentsatzen ari gara.
Bertan egonda, beste zerbaitetan laguntzeko aukerarik eduki duzue?
E.B.: Beharrizanik handienak dituzten proiektuak bultzatzeko aukera eduki dugu. Eskola eta ospitaleetan materiala banatzeaz gain, hainbat eskola bertatik bertara ezagutu, eta ahal genuen heinean lagundu ditugu. Bertan hasita dauden beste hainbat proiektu ere bisitatu ditugu, baita diruz lagundu ere. Eskola batzuetara materiala eramateko konpromisoa hartu dugu, beste batera argindarra eraman genuen, eta hemendik eramandako diruagaz ospitaleko teilatua ere konpondu genuen.
Bir Ganduz proiektua badoa aurrera orduan.
E.B.: Apirilean, Mutrikuko eta Ondarroako Institutuetako ikasle talde bat bertara joango da, guk hasitakoa jarraitzera. Hurrengo hilabeteotan gure proiektua erakunde ezberdinetan aurkezteko asmoa daukagu, ahalik-eta laguntza handiena jasotzeko. Laguntza guztiak ongietorriak izango dira.
Eneko Bedialauneta: “Orain arte Ondarroa oso eskuzabala izan da, eta aurten ere asko batzeko asmoa daukagu”
Yaalah elkarteak egin duen lehen bidaia izan da. Zelako esperientzia bizi izan duzue?
E.A.: Esperientzia oso ederra izan da. Bertako familiek euren etxekoak bezala hartu gaituzte, eta horri esker, gizarte sahararra barru-barrutik ezagutzeko aukera eduki dugu.
Egonaldian, gainera, ikus-entzunezko materiala ere jaso duzue.
E.A.: Etorkizunean hango errealitateari buruzko hitzaldiren bat edo beste eman nahi dugu herriko ikastetxeetan, eta horretarako ondo etorriko zaigula uste dugu. Aurreko astean, esate baterako, aurkezpen bat egin genuen Institutuan.
Martxoan saharar kanpalekuetara joango den martxa solidariorako janari bilketa ere hasi duzue.
E.B.: Otsailaren 22ra arte jakiak biltzen ariko gara, eta gure asmoa ahalik-eta elikagairik gehien jasotzea da. Orain arte Ondarroa oso eskuzabala izan da, eta aurten ere asko batzeko asmoa daukagu. Aurten, estreinako, udaletxe azpiko bulegoan jakiak batzeko aukera dago, eta bi zapatutan herriko supermerkatuetan ere egingo dugu bilketa, erosketak egitera doazen herritarrei beraien aletxoa jartzeko aukera emateko. Aurreko asteburuan, esate baterako, 600 kilo batu genituen. Hurrengo bilketa otsailaren 16an egingo dugu. Herritarrei bakarrik eskatu diren jakiak ekartzeko eskatu nahi diegu: arroza, pasta, hegaluze, hegalabur eta sardina kontserbak, azukrea, lekaleak eta konpresak.
Uda laster etorriko da. Aurten ere Oporrak Bakean egitasmoagaz bat egingo duzue?
E.B.: Euskal Herri mailan kanpaina hasita dago, baina orain janari bilketagaz gabiltzanez, ostean hasiko gara informazio gehiago zabaltzen. Programan parte hartu nahi dutenek horretarako aukera zabalik daukate. Interesa dutenek edo zerbait argitu nahi dutenek gugaz harremanetan jartzeko aukera izango dute yaalahelkartea@gmail.com posta elektronikora idatzita eta 628 986 839 telefono zenbakira deituta. Umeek hemen bizitzen duten esperientziaz gain, harrera familientzako ere oso esperientzia aberasgarria izaten da.