Ager Solabarrietak garaipen bikoitza lortu du Espainiako Txapelketan
Tiratzaile ondarrutarrak zutikako eta etzandako kategorietan txapela lortu du
Ager Solabarrieta Txakartegi tiratzaile olinpiko ondarrutarrak eta Maite Badiola Akarregi laguntzaileak Lardeon (Errioxa, Espainia) jokatu den Espainiako Tiro Olinpiko Txapelketa konbentzionalean parte hartu dute asteburuan.
Zutikako kategorian txapela lortu badu ere, ez zuela bere mailarik onena eman aitortu du Solabarrietak. “Nahikoa txarto bota nuen; huts bat ere egin nuen, tiro batek ihes eginda. Aspaldian holakorik pasa barik, asko haserretu nintzen neure buruagaz”. Etzandako kategorian, berriz, hobeto ibili zela nabarmendu du. “Aurreko eguneko emaitza ikusita, gozatzera atera nintzen, inolako presiorik barik. Eta azkenean, espero barik, txapelketa borobila egin nuen”.
Agertu duenez, etzandako kategorian orain arte lortutako emaitzarik onena lortu zuen. Denetara, 602 puntu lortu zituen; Frantziako txapelketa duela urte batzuk lortutako marka, hortaz, 7 puntutan hobetzea lortu du. “600 puntuko muga psikologikoa gaindituta, oso pozik nago”.