Aitor Etxeberriak irabazi du Ondarroako Arrigorri Bodyboard Txapelketa
Bodyboarder ondarrutarrak bigarrenez irabazi du Eskilantxarri ur kirol elkarteak antolatutako txapelketa herrikoia.
Txapelketa zapatuan [otsailak 2] jokatu zuten 12:00etatik 18:00etara Ondarroako Arrigorri hondartzan, eta bertan, hamasei bodyboarderrek parte hartu zuten. Parte hartzaile denak, bat izan ezik, ondarrutarrak izan ziren. “Mutrikuar batek ere parte hartu zuen txapelketan, baina hori ere Ondarroako uretan ibiltzen da”.
Olatu askorik egon ez bazen ere, erakustaldi ederra eskaini zuten txapelketan parte hartu zuten bodyboarderrek. “Espero genuena baino olatu txikiagoak eduki genituen, baina nahikoa jarraiak izan ziren. Eguraldiak ez zuen askorik lagundu, baina txapelketa aurrera atera genuen”. Hondartza parean metro bat inguruko olatuak egon ziren.
Txapelketari dagokionez, lau parte hartzailez osatutako lau txanda jokatu zituzten lehendabizi, eta gero jendea kaleratzen joan ziren, finalean lau geratu arte. Etxeberriagaz batera, honakoak izan ziren finalistak: Julen de Diego, Gorka Aginaga eta Xanet Urkiaga. Bigarren, hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren.
Etxeberriak txapelketa ona egin zuela nabarmendu dute antolatzaileek. “Olatu asko hartu zituen. Txanda bakoitzean hamar olatu hartu ahal izaten dira, eta askotan hamarrak hartu zituen. Era berean, trikimailu asko egin zituen oholagaz uretan”. Olatu onenaren saria, berriz, Gorka Aginagak jaso zuen.
Eguraldi txarra egin bazuen ere, nahikoa ikusle hurreratu ziren Arrigorrira txapelketa ikustera. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, eguerdi parean batu zen jenderik gehien. “Horrelako eguraldiagaz, espero genuena baino gehiago”. Antolatzaileek oro har txapelketari buruzko balorazio ona egin dute. “Pozik geratu gara”.