Galbaixoko errepidea konpontzeko larrialdi mailako esku hartzea egingo du aldundiak
Gipuzkoako Foru Aldundiak agertu duenez, laister hasiko dituzte lanak; diotenez lanek ez diete Mutriku eta Deba arteko GI-638 errepidea hobetzeko lanei eragingo.
Bariku [otsailak 1] gauean erori zen errepidea, lurjausi baten ondorioz, eta oraindik ere itxita jarraitzen du, segurtasuna bermatzeko. Bidea, hain zuzen ere, aurretik pitzadurak zeuden lekuan apurtu zen. Herritarrak kezkatuta agertu dira gertaeraren aurrean; izan ere, egun berean beste lurjausi bat egon zen Mutriku eta Deba batzen dituen GI-638 errepidean.
Aldundiko iturriek nabarmendu dutenez, GI-3230 errepidea konpontzeko lanak datozen egunetan hasiko dituztela aurreikusten dute. “Foru erakundeak bazituen aurreikusita zenbait ekintza errepide honetan eta, hain zuzen ere, jausitako zatia hobetzeko proiektua lizitatuta zegoen. Asteburuko gertakariek, ordea, beharrezkoa egin dute larritasun mailako esku hartzea”.
Azpimarratu dutenez, Galbaixon egingo diren lanek ez dute eraginik edukiko Mutriku eta Deba lotzen dituen errepidea hobetzeko proiektuan. “Kostako errepidea ixten denerako bukatuta egongo dira Galbaixoko lanak. Itxierak irauten duen bitartean, hau izango da Mutrikura iristeko ordezko bidea, eta funtzio hori beteteko prest egongo da”.
Haize boladak. Otsailaren 2ko ekaitzak kalte larriak eragin zituen bai eta Lekeition ere. Haize bolada handiek Santi Brouard frontoiko eta San Juan Talako baselizako teilatuetan kalteak eragin zituen. Frontoiko teilatu zati handi bat eraman zuen haizeak, alde batetik, xafla batzuk altzatu zituen hain zuzen ere. San Juan Talakoko baselizan, bestalde, teilak eraman zituen.
Frontoiko inguruko segurtasuna bermatzeko Paskual Abaroa etorbidea zirkulaziora moztu zuten kiroldegitik San Juan kaleko parera arte, eta San Juan baseliza inguruak ere itxi zituzten. Errepidea atzo [otsailak 3] eguerditik zabalik dago.
Aldi berean, Suhiltzaileak eta udal langileak konponketa lanak egiten ibili ziren segurtasuna bermatzeko. Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, segurtasun arduradunak frontoi ondoko eraikinera joan behar izan zuten “etxebizitzetatik frontoiko teilatura arinago heldu ahal zirelako”. Hori dela eta, etxebizitzetako jabeei eskerrak eman dizkie udalak, bai eta suhiltzaile eta udal langileei ere.
Momentu honetan frontoia zarratuta dago, baina kiroldegia martxan dago normaltasunez, ohiko ordutegian. “Teknikoak kalteok baloratzen dabiltza ze kalte dagoen ikusi eta ahal den arinen konpontzeko”. San Juan Talakoko baselizan, bestalde, konponketa lanak hasita daudela jakitera eman du udalak.