ONCEk 20.000 euroko sariak banatu ditu Ondarroan
Jesus Mari Alberdi ONCEko banatzaileak 10.865 zenbakidun kupoiak saldu ditu. Saridunek otsailaren 3ko sari nagusia lortu dute, bost zenbakiak igartzearren. Jokatutako 2 euroko 20.000 euroko jasoko dituzte.
ONCEko kupo saltzaile iurretarrak 15 urte inguru daramatza Ondarroan kupoiak saltzen, Erribera kaleko Alai taberna kanpoan. Nabarmendu duenez, estreinako banatzen du saria kupoietan. “Aurretik 10.000 euroko saria banatu nuen Rasca kupoietan”.
Berria jakin orduko, banatzailea “pozik” agertu da, eta gaurko eguna [otsailak 4] erraz ez duela ahaztuko azpimarratu du. “Ni neu ere gaur goizean enteratu naiz, itzelezko poza hartu dut. Niretzako oso pozgarria da horrelako sari bat banatzea. Batez ere, jendearengatik. Sari gehiago banatu izan banitu, oraindik ere pozago egongo nintzateke. Jendeak hori eta gehiago merezi du eta”.
Ez daki ziur zenbat kupoi saldu zituen, “Bi edo hiru, asko ez”. Izan ere, kupoi batzuk saldu barik bueltatu behar izan zituen domekan. Kupoiak, bestalde, herriko jendearen artean banatu zituela aitortu du. Irabazleetako bi gaur goizean hurreratu dira Alberdirengana, eta eskerrak eman dizkiote. Bata jakinaren gainean zegoela dio, baina besteak ez zekien saria irabazi zuenik. “Sekulako ezustekoa eman diot”.