Cikautxok 600 langile kontratatuko ditu, Europako Inbertsio Bankuaren mailegu bati esker
Europako erakundeak, Juncker plana deritzon Europako Inbertsio Planaren barruan, 26 milioi euroko mailegua eman dio Berriatuko kooperatibari. Hitzarmena gaur [otsailak 5] sinatu dute IƱigo Laskurain Cikautxoko zuzendari nagusiak eta Emma Navarro EIBko lehendakariordeak, Cikautxoren egoitza nagusian.
26 milioi euroko mailegu horri esker, produktu berrietan inbertsioak egin ahal izango ditu Mondragon taldeko kooperatibak. Inbertsioak Berriatuko egoitza nagusian egingo dituzte, ikerketa eta garapen arloan. Proiektuan egingo diren inbertsioek konpainiak hainbat herritan dituen lantegietako ekoizpen gaitasuna hedatzen lagunduko dute.
Cikautxoren eta EIBren arteko akordioa Espainiako eta Portugaleko MIDCAPSentzako mailegu programaren esparruan sinatu da. Cikautxoko zuzendari nagusiak akordioaren garrantzia nabarmendu du. “Operazio honek aukera emango dio kooperatibari produktu eta konponbide berrietan inbertitzen jarraitzeko”. BEIko lehendakariordeak, bere aldetik, akordioak ekonomian eta ingurumenean edukiko duen eraginaren garrantzia azpimarratu du.
Ibilgailuetan osagai ez hain kutsakorrak erabiltzeko ikerketan inbertituko du. Modu horretara, ibilgailu hibrido eta elektrikoen inplementazioa sustatuko dituzte, eta ingurumena errespetatzen duten ekoizpen prozesu eraginkorrak aplikatu. Material berriak eta birziklagarriak garatu nahi ditu kooperatibak, eta osagaien pisua gutxitu, autoei pisua kendu eta erregaian aurreztu ahal izateko. Enpresak kautxuaren ordezko material birziklagarrien fabrikazioa sustatuko duten ekoizpen prozesu berriak ezarriko ditu.
Akordioak enpleguan izango du eraginik aipagarriena. Proiektuaren ezarpena 2021era arte luzatuko da, eta eragin positiboa izango dute enplegua sortzeko orduan: 600 pertsona baino gehiago kontratatu beharko dira inplementazio fasean. Cikautxok 2.822 langile ditu, eta iaz, 268 milioi euroko salmentak egin zituen. EIBren babesak, besteak beste, Cikautxok Txekiar Errepublikan, Eslovakian eta Errumanian dituen lantegietan ere eragingo du